Buruntzaldeko Ernaik Independentzia Eguna ospatuko du larunbat honetan. Usurbilen jarri dute hitzordua, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
Goizeko 11:00etan Sutegi aretoan elkartuko dira gazteak, 'Ekinez egina, gazteok independentzia!' hitzaldian. Haritz Rekondo eta June Iartza izango dira hizlariak, eta ekarpenak egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Hitzaldia izango da goizeko jarduera bakarra, eta bertso bazkariarekin emango diote jarraipena egitarauari. Txartelak gaur arte egongo dira salgai, 15 euroren truke, Altzaga, Garin, Ilargi eta Irunberri tabernetan.
Eguneko mobilizazioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da. Usurbilgo kaleetan manifestazioa egingo dute, eta ekitaldi politikoarekin borobilduko dute arratsaldea.
Eguna amaitzeko, Ameba, Ertz, DJIbaiz eta MJtaxoxo taldeen kontzertuak izango dira. «Herriko gazte independentista orori dei egiten diogu egitarauan parte-hartzera. Animatu gazte!».