Ostiral honetan amaituko da Doberak antolatutako Negulekuetan izena emateko epea

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko abenduaren 8a

Abenduaren 22an hasiko dira Negulekuak. Ereñotzuko Auzo Udalean eta dobera.eus webgunean eman daiteke izena.

 

Abenduaren 22an hasiko dira Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Negulekuak. Azken urteetan egin bezala, bi talde sortuko dituzte; bat Hernanin eta bestea Ereñotzun. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta ostiral honetan bertan (abenduak 13) amaituko da. Inskripzioa www.dobera.eus webgunean edo Ereñotzuko Auzo Udalean egin daiteke.

Doberaren helburua gabonetako oporretan «euskerazko aisialdia» eskaintzea da, eta horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: «Jolasak, sukaldaritza tailerrak, eskulanak, irteerak... Neguko oporraldian euskeraz eta euskerarekin gozatzeko aukera emango dugu». 

Hernanik 3-10 urte bitarteko haurrek osatuko dute taldea (2015-2022), eta Ereñotzun 2-12 urte bitartekoek (2013-2023). 

 

Ordutegi zabala eta goizeko zaintza zerbitzua

Goizeko 09:00etan hasiko dira Negulekuetako egunak, eta 13:30etan itzuliko dira haurrak etxera. Dena den, gurasoen ordutegietara egokitzeko asmoz, zaintza zerbitzua eskainiko dute goizeko 08:00etatik aurrera. Zerbitzu hau erabiltzen dutenek eguneko 5 euroko gehigarria ordaindu beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!