Urtero bezala, bolariek modurik onenean emango diote bukaera denboraldiari. Bolari Eguna ospatuko dute bihar, astelehen jaiegunez; eta Lasarte-Orian izango da aurtengoa. Goizeko 09:00etan jarri dute zita bertako bolatokian, tiraldiari hasiera emateko, bai bolan eta bai tokan.
Ohiko bolariak elkartuko dira bertan, baina irekia izango da proba egin eta parte hartu nahi duten guztientzat.
Bertatik, mahaiaren bueltako goxotasunera mugituko dute ospakizuna. Izan ere, bazkaria egingo dute elkarrekin, Urnietako K10 hoteleko jatetxean. Bertan, bapo bazkaltzeaz gainera, omenaldiak ere izango dira. Batetik, Josu Lasa eta Joxan Montes bolari lasartearrak omenduko dituzte, beren ibilbideagatik. Eta bestetik, sariak emango dizkiete denboraldi osoko sailkapen nagusian zein txapelketa ezberdinetan garaile izan diren bolari eta tokalari onenei.