Euskal Herriko igeriketan gutxitan gertatu dena lortu zuen pasa den asteburuan Astigarragan bizi den Enaitz Goñi igerilariak. Bosgarren urtez jarraian igeriketako Euskal Herriko Kopan garaipena eskuratu zuen, oraingoan Bizkaiko Getxo taldearekin.
Euskal Herrian jokatzen den txapelketarik garrantzitsuenetakoa da, taldeentzako garrantzitsuena, taldeka izaten baita eta klubak dira azken podiumera igotzen direnak. Proba bakoitzean talde bakoitzeko bi igerilarik hartzen dute parte eta puntuak lortzen dituzte postuaren arabera.
Enaitz Goñik sei probetan egin zuen igeri: 200 metro librean, 400 metro estiloetan, 200 metro bizkarren, 400 metro librean eta 4x200 eta 4x100 errelebo librean. Azken bi proba hauetan Getxok Bizkaiko errekor absolutuak lortu zituen.
Goñik 74 puntu batu zituen taldearentzat 200 eta 400 metro librean irabazi eta gero eta 200 bizkar eta 400 estiloetan hirugarren sailkatuta. Gainera bere marka onenetan ibili zen libreko probetan. Erreleboetan ere 84 puntu gehitzeko lagundu zuen.
Getxo mutiletan eta nesketan izan zen txapeldun, 760 eta 791 punturekin, hurrenez hurren. Judizmendi (Gasteiz) eta Tolosaldea izan ziren bigarren, eta Bidasoak hirugarren postuak eskuratu zituen bi mailetan. Nesketan, Bidasoarekin Olatz Altuna hernaniarrak hartu zuen parte.
Goñi, 2021 eta 2022 urteetan Tolosaldearekin izan zen txapeldun, eta 2023 eta 2024 urteetan Bidasoarekin irabazi zuen.