Euskara ZUGAN, NIGAN, GUGAN
Euskarak bide luzea egin du.
Luzeena, agian, Europa zaharrean.
Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau.
Zein da sekretua?
Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena?
Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin.
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra
gazte bihurtu du.
Debekuen aurrean, eutsi genuen.
Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa
da.
Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.
Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.
Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.
Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du
komunitatearen indarra eta zentzua.
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.
Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.
Horregatik, unea da.
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz
hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea.
Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.
Erabilera sustatzen duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko
unea.
Indarrak bildu eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.
Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.
Eta prest gaude!
Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.
Elkarrekin egiteko.
Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei.
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen
beharra du.
Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari
distira emateko,
Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.
Euskara da!
Guztiontzat da.
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.
Batzen gaituen hizkuntza bat.
Elkar ulertzeko gonbidapen bat.
Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari.
Eta euskararekin, edonori.
Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean.
Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.
Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.
Norberetik hasita egingo dugu bidea.
Guztion baitan baitago euskararen jauzia.
Zugan, nigan, gugan.