Oso gutxigatik, apenas bost brilagatik egin zion ihes txapelak Ur Miari, Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketan. Urnietan jokatu zuten finala atzo goizean, eta Villabonako Behar Zana nagusitu zen gizonezkoetan, 174 brilarekin, ereñotzuarren aurretik (169). Lasarte-Oriako Ostadar izan zen hirugarren (164), eta Donostiako Ategorrieta laugarren (125). Emakumezkoetan, berriz, Ategorrieta nagusitu zen, 133 brilarekin, Liztormendi (79) menderatuta.
Zozketak erabakitako ordenean, Aner Miner ereñotzuarra izan zen botatzen lehena, eta ezin hobeto ekin zion: 48 brila bota zituen, seiko zortzi tiraldi borobil eginda. Ur Miaren aukerei ondo eutsi zieten Leandro eta Iñaki Miner aita-semeek gero, bigarren errondan bakoitzak lau tiraldi eginda: 34 brila bota zituzten bien artean. Mikel Arroiok 42 brila bota zituen hirugarrenean, eta Ibon Minerrek 45 laugarrenean. Ereñotzuarrek 169 brila pilatuta, astigartar baten esku geratu zen dena: Behar Zanarekin aritu zen Joxe Mari Etxebesteren esku, alegia, bera izan baitzen botatzen azkena. 44 brila behar zituen txapela villabonarrentzat izateko, eta ez zuen hutsik egin: 48 lortu zituen, sei brilako tiraldiak bata bestearen atzetik kateatuta. Hortaz, garaipenik gabe utzi zituen ereñotzuarrak, azkeneko unean.