Iratxe Reparaz arbizuarra da 2025. urteko Durangoko Azokaren irudiaren egilea. Irudia baino, arte zuzendariak iruditegi oso bat sortu du, "infinitua". Duela bi hilabete inguru aurkeztutako kartelak, aurreko astean kaleratutako spotarekin eta irudiekin osatu da, "unibertso bisual oso bat" sortuz. Durangoko Azokaren 60. edizioa izan da abiapuntua.
Aurreko astean spota kaleratu zen. Zer sentitu zenuen?
Satisfakzioa izan zen ikustea nola iruditegia handitzen doan. Nik uste izan zela pixka bat erreafirmazioa bezala; jendeak ikusi du hasiera batean esan genuen hura, duela bi hilabete atera genuen kartela eta hitz egin genuen mugimenduaz eta ez zela kartel bakarra, baizik eta gauza gehiago zeudela. Spota ateratzeko gogoa nuen bertan ongi ikusten delako esandako hori guztia.
Nola sortu zitzaizun iruditegia sortzearena? Nola hasi zen dena?
Gerediaga elkartearekin hasi zen dena. Kontaktatu ninduten beraiei asko gustatzen zitzaielako ZETAK taldearekin duela bost urte sortu genuen tipografia. ZETAKek badauka tipografia oso esanguratsua; euskal tipografia tipografia modernoarekin nahasten du. Bere garaian pretentsio handirik gabe egin genuen, baina denborarekin ZETAK taldearen ikono bat bezala bihurtu da. Jendeak tipografia hori ikusten du, eta ZETAK ikusten du. Orduan, elkarteari hori gustatu zitzaion eta eskatu zidaten horrelako zerbait egitea. Ez tipografia bat egitea, baizik eta ikono edo sinbolo bat, jendeak errekonozitzen duena. Hori izan zen enkargua, oso irekia. Horri heldu nintzaion eta uste dut nire lana hori badela; diseinu grafikotik haratago doa.
"Nire lana da marka bakoitzari bere hizkuntza eta pertsonalitate propioa sortzea"
Ni arte zuzendaria naiz, eta nire lana da marka bakoitzari bere hizkuntza edo pertsonalitate propio ematea. Orduan, hor hasi nintzen burua husten eta zer egin genezakeen pentsatzen. Ez nuen tipografia bat sortu nahi, uste dudalako ez dela behar, baina bai sortu genuela iruditegi infinitu bat, kartel infinitu bat.
60. edizioa izan zen abiapuntua, ezta?
Bai. 60. edizioa zen eta lehenengo gauza izan zen 60 bat marraztea. Super naturalki marraztu nuen, eta marrazten ari nintzela konturatu nintzen ez zela besterik gabe 60 zenbakia. Ematen zidan sentsazioa ibilbide moduko bat zela, nahiko potentea zela, bere marrekin, kurbaturekin, eta hasi nintzen hori moldatzen eta deformatzen. Konturatu nintzen hor bazegoela kontzeptu handi bat. 60 horri mugimendua eta forma emanez burura etorri zitzaidan esaldi bat: 60 urte egin dugun bidea baina oraindik egiteko duguna. Ez da hor bukatzen, oraindik gehiago dugu emateko. 60ak ematen zidan ibilbide sentsazio hori, hortik esperimentatzen jarraitu nuen eta ikusi nuen formaz ez zela irudi bakar batean sartzen, baizik eta infinituak zirela. Euskal kultura eta euskara bera ere hori dela, atzeko ibilbidea egin dutela; euskara moldatu da, iraun du, berrasmatu da... Bizirik dago eta Durangoko Azoka ere bizirik dago. Hori ere transmititu nahi nuen, euskara eta Durangoko Azoka eskutik doazela. Prozesuak horrelakoak izaten dira, gauzak sortzen joaten dira.
Zenbat kartel daude?
"Orain kaleratu ditugun kartelek esentzia berdina dute, baina desberdinak dira"
Ez dago kopuru bat. Egia da prentsaurrekorako inprimatu behar izan genituela kopuru jakin bat, baina ez dago zenbaki zehatz bat. Gainera, orain atera dugu bigarren hornada bat esaten den bezala, desberdinak. Esentzia berdina dute, baina desberdinak dira spotetik datorren argazki bat delako; neska bat irudiaren gainean dantzan agertzen da.
Nola sortu zenituen irudiak?
Teknikari dagokionez ordenagailuz egin nuen. Gaur egun, orokorrean, ordenagailua erabiltzen da. Ordenagailuz egin nuen arren saiatu nintzen eskuzko teknika bat simulatzen, ilustratorrekin pintzel antzekoak sor daitezke, eta nik bat sortu nuen marra horiekin eta nahi nituen formekin eta luzerekin. Egia da jende dezentek kartelak eskatu dituela, eta bitxia da koloreka eskatu izan dituztelako: "Niri ekarri arrosa...". Gehienbat arrosa eta gorria gustatuko dituztela nabaritu da. Horrelako gauzak ikusteko aukera ematen dizu ere, zeinek funtzionatu duen hobeto eta abar. Biba Zuek telebista saioan egon nintzen eta bertan komentatu zidaten beraientzat oso iruditegi ikonikoa izango den sentsazioa dutela, oso koloretsua dela, deigarria, memorablea. Nik uste hori lortzen dela kartel bakarra ez izatean. Jendeak hainbeste pieza ikusi ditu, memorian gelditzen dela.
Karteletik ikus-entzunera: spota.
"Pieza honekin hausnartzea eta agresibitate horrekin haustea nahi genuen"
Gaur egun iragarkiak eta publizitatearen mundua geroz eta agresiboagoa da. Dena etengabe mugitzen, musika oso altu... Eta nahi genuen pieza hau hausnartzeko izatea eta agresibitate horrekin haustea. Horregatik nahiko lasaia da, neska bat dantzan agertzen da; hasieran ez dakizu oso ondo zeren gainean dagoen, baina zerbait koloretsua da. Orduan, joaten gara zoom out bat egiten eta neskak errepresentatzen du Durangoko Azoka. 60 urtetan egon da etengabe mugimenduan. Bukaeran deskubritzen dugu Landako Gunean dagoela eta Durangoko Azokaren logoaren gainean dantzan egon dela. Horrek ere errepresentatzen du Durangoko Azoka dela artista guztiendako edo nahi duenarendako eszenatokia; hor gainean dantza egiteko. Gainera, neska beltzez jantzita dago eta horrek esan nahi du Azoka kolorea xurgatzeko leku bat dela, beltzak koloreak xurgatzen dituelako. Gu, denok, euskaldunok, Durangoko Azokatik elikatzen gara. Pixka bat hori errepresentatu nahi du spotak. Musika Pello Reparazek egin du. Hau da nik kontatu nahi izan dudana, gero jendeak seguraski beste zerbait ikusiko du.
Hasieratik spotaren ideia zeneukan? Iruditegiaren barruan al zegoen?
"Hasieran spotetik atera ditugun kartelen irudiak nituen buruan, hori zen helburua"
Bitxia da baina nik hasieran buruan nuena ez zen spota, baina bai spotetik atera ditugun kartelen irudiak. Pila bat gustatzen zaizkit, eta irudi hori nuen buruan. Hori zen nire amaierako helburua, irudi hori lortzea. Baina, noski, horren aurretik beste kartelak etorri ziren, spota, eta bukaeran irudi horiek. Identifikatzen nuena zen Durangoko Azokaren logotipoa oso erraldoi inprimatuta eta jendea logo horren gainean oinez ibiltzen. Hori da lortu nahi nuena. Prozesuak horrelakoak izaten dira. Irailean aurkeztu genuen kartel horretatik abiatu, irudikatzen nuen irudi horretan bukatzeko.

Zergatik dantza?
Ez dakit zergatik dantzagatik debilidade berezi bat daukat. Iruditzen zait dantza garaikidea batez ere zerbait hipnotikoa eta arraroa duela, eta gustatzen zait sentsazio horrekin jolastea. Enpatia ematen dio, eta sentsazio hori handitu egiten du.
Zer da zuretako Durangoko Azoka?
Nik sentitu dut beti Euskal Herriko kulturan arnasgunea edo erdigunea dela. Guztiari zentzua ematen diona, altxor moduko bat. Euskal kulturaren altxorra, baina horrek ez du esan nahi kutxatxo batean sartu behar denik eta hor eduki. Baizik eta esperimentatzeko leku bat dela, gauza berriak egiteko. Niretako euskaldunok daukagun opari bat da, txikitatik joan izan naiz, eta kariño handia diot.
Bizirik dago.
60 edizio ditu, nik 30 urte ditut, eta nik uste dut geroz eta gehiago ikusten dela esperimentatzeko grin hori, ikuspuntu desbedinak... Nik uste hori super positiboa dela euskal kulturarentzat. Proiektu geroz eta handiagoak ikusten ari dira, proiektu desberdinak daude... Ez dakit ikuspuntu profesionalago bat den, baina uste dut Durangon egun horietan zerbait magikoa gertatzen dela. Hor elkartzea leku berdinean euskal artista guztiak sortzen diren sinergiek ez dute preziorik. Nik ikusi izan dut artistak nola konpartitzen dituzten haien arteko ikuspuntuak, baita artista ez diren pertsonekin ere. Oso aberasgarria iruditzen zait.
Nola ospatuko duzu aurten? Lan egitea tokatu zaizu?
Hitzaldiren bat ematen egongo naiz. Ez naiz stand batean egongo, baina bai egongo naizela iruditegiari buruz eta abarri buruz hitz egiten. Egia esan, azken urteetan artistekin egon naiz, hainbat proiektutan egon naiz artistak laguntzen, baina beti atzealdean bezala. Aurten tokatzen zait aurrealdean egotea, eta kuriosidadea dut alde hori ikusteko ere; jendearekin hitz egin eta abar.