Astigarragak dauka errenta altuena bailaran, eta Gipuzkoako bajuenetakoa Hernanik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 28a

Adimen artifiziala erabiliz sortutako irudia.

Lurralde osoan zazpi udalerrik bakarrik daukate Hernanik baino errenta familiar bajuagoa batazbeste. Dezente altuagoa dauka Astigarragak, baina Gipuzkoako zein Hego Euskal Herriko altuenetatik oso urruti. Goizueta Hernaniren paretsu dago, eta Aranok familia-errenta bajuenetakoa dauka Hego Euskal Herrian, gorakada nabarmena izan duen arren.

Errentari eta eros ahalmenari dagokionez, koxka gorenean ageri da Hego Euskal Herria, Espainiar Estatuko datuetan. Hala erakusten du INEren (Instituto Nacional de Estadística) 2024ko Familien Errentaren Banaketaren Atlasak: batazbesteko 20.279 euroko errenta pertsonalarekin, buru-buruan ageri da Euskal Autonomia Erkidegoa, Madrilen (18.856 euro), Balear Uharteen (18.854 euro) eta Kataluniaren (17.477 euro) aurretik. Bosgarren postuan dago Nafarroa, 16.941 euroko errenta pertsonalarekin, Espainiako batazbestekoaren gainetik.

Oparotasun horren barruan, dena den, gorabehera haundiak daude Hego Euskal Herriko mapa orokorrean. INEren 2023 arteko datuetara jo dugu, errentaren egoera lurraldeka, eskualdeka zein herrika aztertzeko. Izan ere, horiek dira lurralde zein udalerri mailan eskuragarri dauden azkenekoak. Eta horiekin, zazpi urteko bilakaera ere aztertu dugu, 2016tik 2023ra.

Gipuzkoak errenta pertsonal altuena, eta Nafarroak bajuena

2023ko datu horien arabera, Gipuzkoak zeukan batazbesteko errenta pertsonal altuena Hego Euskal Herrian, 19.616 eurokoa. Nafarroak 16.423 eurokoa zeukan orduan, Hego Euskal Herriko txikiena. Tartean ageri dira Bizkaia 18.738 euroko batazbesteko errentarekin, eta Araba 17.806 eurokoarekin.

Fokua gehiago gerturatuta, eta eskualdez eskualde aztertuz gero, nabarmenagoak dira aldeak. 20.000 euroko langatik gora ageri dira lau eskualde: Plentzia-Mungia buruan, Debagoiena, Donostialdea eta Gorbeialdea. 20.205 eurokoa da batazbesteko errenta pertsonala Donostialdean, eta multzo horretan kokatzen dira Astigarraga eta Hernani, Beterri-Buruntzako eta Oarsoaldeko herriekin zein Donostiarekin batera.

Arano eta Goizueta, berriz, Larraun-Leitzaldea eskualdean multzokatzen ditu INEk, eta bertan dezente bajuagoa da batazbesteko errenta pertsonala: 16.577 eurokoa. Nafarroako eskualdeen artean erdi parean ageri da, baina Pirinioak eskualdearen errentatik (19.455 euro) oso urrun, lurraldean 19.000 euroko langa gainditzen duen bakarra. Kontrako aldean, Nafarroako Erribera da Hego Euskal Herrian batazbeste errenta pertsonal bajuena daukan eskualdea, 14.183 eurorekin.

Baina fokua are gehiago zorroztuta, ikusiko dugu eskualde barruan ere alde haundiak daudela udalerri batzuetatik besteetara. Eta horren erakusle ona da Urumea bailarako kasua.

Astigarraga eta Hernani, Gipuzkoako batazbesteko errentaren azpitik

Bailarako udalerri haundienei begiratuta, garbi ikusi daiteke Astigarraga eta Hernani Donostialdeko batazbesteko errenta pertsonalaren azpitik daudela, baina baita Gipuzkoakoaren azpitik ere. Astigarragan 18.896 eurokoa zen 2023an, eta Hernanin 17.859 eurokoa. Donostialdean, hiriburua da batazbestekoa nabarmen igotzen duena, 22.330 euroko errentarekin. Gainerako udalerriak hartuz gero, haundixeagoa da parekotasuna. Beterri-Buruntzako beste herrietan, esaterako, honakoak dira batazbesteko errentak: Usurbilen 18.793 euro, Urnietan 18.369 euro, Andoainen 17.841 euro eta Lasarte-Orian 17.659 euro.

Hortaz, eskualdeko errenta pertsonal altuena dauka Astigarragak,  baita Urumea bailarako altuena ere, baina Gipuzkoako zein Hego Euskal Herriko goiko postuetatik oso urruti. Gipuzkoako 89 udalerrietatik, 80ren datuak daude jasota 2023ko txostenean. Horietatik 44garren tokian ageri da Astigarraga batazbesteko errenta pertsonalean, eta 60garren Hernani. Hego Euskal Herrian, berriz, datuak dauzkaten 524 udalerrietatik 206garrena da Astigarraga, eta 300garrena Hernani.

Datuak are kaxkarragoak dira batazbesteko familia-errentari dagokionean. Kasu horretan, 47.028 eurokoa da familia-errenta Astigarragan, eta 40.580 eurokoa Hernanin. Bereziki deigarria da Hernaniko kasua: 73garren dago Gipuzkoako ranking horretan, eta zazpi udalerri bakarrik dauzka atzetik. Hego Euskal Herrian 346garrena da, 524ren artean.

Astigarragako kasuan kontrakoa gertatzen da, pixka bat gora egiten baitu errenta pertsonalaren aldean: Gipuzkoan 40garrena da familia-errentan, eta Hego Euskal Herrian 150garrena.

Arano eta Goizueta, batazbestekoaren gainetik Nafarroan

Bestelako testuinguru batean kokatzen dira Arano eta Goizueta, errenta datuen multzokatzeari dagokionean. Nafarroa izanik Hego Euskal Herriko batazbesteko bajuena daukan lurraldea, batazbesteko horren gainetik daude Aranoko eta Goizuetako errenta pertsonalak. Goizuetak, zehazki, Larraun-Leitzaldea eskualdeko bigarren altuena zeukan 2023an, 17.548 eurorekin, eskualdeko batazbestekoaren (16.577 euro) nabarmen gainetik. Bajuagoa da errenta Aranon, 16.464 eurokoa 2023an; baina eskualdean bertan badira dezente bajuagoa daukatenak: Beteluk 14.867 euro eta Lekunberrik 15.713 euro.

Nafarroako udalerriak errenta pertsonalaren arabera sailkatuta, 148garrena da Goizueta, eta 184garrena Arano, 272 udalerriren artean. Hego Euskal Herrikoari erreparatuta, berriz, 317garren ageri da Goizueta, eta 406garren Arano, 524 udalerriren artean.
 

Aranoko familia-errenta, Hego Euskal Herriko bajuenetakoa

Familia-errentaren datuak hartuz gero, ordea, bestelakoa da egoera. Goizuetan 39.284 eurokoa zen batazbestekoa 2023an, eta Aranon 32.928 eurokoa. Kasu honetan, Nafarroako batazbestekoaren (42.724 euro) azpitik ageri dira biak, eta baita Larraun-Leitzaldekoa familia-errentaren (41.694 euro) azpitik ere. Deigarria da eskualdeko bi familia-errentarik bajuenak direla Aranokoa eta Goizuetakoa. Rankingetan ere atzerakada nabarmena daukate biek. Nafarroako 272 udalerrietatik, Goizueta 183garrena da, eta Arano 260garrena, atzetik soilik 12 udalerri dituela.

Eta Hego Euskal Herrian, 524 udalerritatik 504garrena da Arano. Familia-errenta bajuenetakoa dauka, eta apenas daude 20 udalerri atzetik, lau lurraldeen artean. 387garren tokian ageri da Goizueta.

Bailarako errenta pertsonalek, %30etik gorako igoera kasu gehienetan

Zazpi urte atzera egin eta 2016ko datuak aztertuta, begibistakoa da gorakada nabarmena izan dutela errenta pertsonalek zein familia-errentek Urumea bailaran, egungo rankingetan toki apaletan egon arren. Aranon bertan, %30,32 haunditu da batazbesteko errenta pertsonala zazpi urteko epean, eta %24,34 familia-errenta. 2016an ere, Nafarroako udalerrien artean 21garrena zen atzetik hasita, familia-errentan.

Astigarraga izan da errenta pertsonalean gorakada haundiena izan duena, %33,64koa; eta are haundiagoa izan du familia-errentaren batazbestekoan, %34,15ekoa. Baina familia-errentan Hernanik izan du gorakada nabarmenena: %40,21 haunditu da batazbestekoa, 2016tik 2023ra. Errenta pertsonalak ere nabarmen egin du gora (%32,77).

Bi kasuetan, Goizuetak izan du igoera apalena: %24,08 errenta pertsonalean, eta %9,99 familia-errentan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!