«Konplizitate sareak» salatuko ditu gaur mugimendu feministak

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 25a

Gasteizen aurkeztu zituzten gaurko mobilizazioen aldarrikapenak.

Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna da gaurkoa, eta Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan mobilizazioak antolatu dituzte 'Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista' lelopean.

Bailarako mugimendu feministak kaleak hartuko ditu gaur, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna den honetan, emakumeak kalera aterako dira Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan.

Goizuetan 18:00etarako antolatu dute kalejira, Matxismoa ukatzeak indarkeria normalizatzen du lelopean. Ondoren 'txokolte iña' izanen da. Hernaniko Koordinadora Feministak deituta manifestazioa egingo da gaur, 19:00etan, Plaza Berritik hasita. Itaiak 18:30etan Gudarien Plazan egingo den mobilizaziorako egin du deia. Astigarragan elkarretaratzea egingo da, 19:00etan, Emakumeon Plazan.

Indarkeria matxistak sostengatzen dituen «konplizitate sareak» salatuko dituzte gaurkoan. Euskal Herriko Mugimen­du Feministak Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan, salatu zuen urrats bat ematen duten aldiro oldarraldi berri batek erantzuten diela, «testuinguruaren arabera artikulatzen eta egituratzen dena». Oldarraldia «eskuinean nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioan» dagoela adierazi zuten, eta feminismoaren aurkako diskurtsoak «inpunitate osoz» zabaltzen direla sareetan, komunikabideetan edota kalean.

 

«Itun patriarkala»

«Are gehiago, azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean ere, boikoteatuak eta gutxietsiak izan gara», esan dute, eta feministen aldarriei eta ekintzei zilegitasuna kentzen saiatzen direla gaineratu dute.

Gaur salatuko dituzten konplizitate sareak «itun patriarkalak» direla diote; ez soilik gizonen artean egindakoak, baita indarkeria matxista lehen mailako arazo sozialtzat hartzen ez duten eragileenak ere. Justizia jarri dute adibide moduan: «Justiziak etengabe uzten gaitu babesgabe eta sinesgarritasunik gabe».

Horrekin batera, arrazakeria zabaltzeko feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako mezuak «erabiltzen» dituztenak seinalatu dituzte. «Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu».

Itaia, inpunitatearen aurka

Matxismoa ukatzen duten eta indarkeria matxista normalizatzen dituzten ideia faxisten aurka zein erasotzaileen inpunitatearen aurka mobilizatuko dira Itaiako kideak gaurkoan, Hernanin.

Urte hasieratik, astero indarkeria matxista kasu berriak argitara atera direla azpimarratu du Itaiak. «Aurten sei emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta beste hainbat eraso matxista salatu dira, Gasteizen esaterako: gizonezko batek bere pisuko errentari bat sexualki erasotu du, emakume bat hiru egunez atxiki eta jo du bikotekide ohiak, eta gizon bati kartzela zigorra ezarri diote bere bi alabak modu jarraituan bortxatzeagatik, besteak beste».

Hala ere, aditzera eman dutenez gehiago dira ezagutzen ez diren erasoak «edo inpunitate osoz egiten direnak», eta gaineratu dutenez «erasoak egunerokotasun bihurtu diren testuinguru honetan, ez dago gaitzespen sozialik».

Era berean, salatu dutenez, «ideologia faxistak eta ultraeskuindarrak matxismoa normalizatzen ari dira, eta instituzioetan emakumeen eskubideetan atzera egitea planteatzen dute, sare sozialetan emakumeen irudi azpiratua zabaltzen dute, eta indarkeria matxista ukatzen ez dutenean, diskurtso arrazistak zabaltzeko erabiltzen dute».

Mobilizazioak A25

Hernani:
Gaur 18:30etan Gudarien Plazan mobilizazioa Itaiak deituta.
Gaur 19:00etan manifestazioa Plaza Berritik abiatuta Hernaniko Koordinadora Feministak deituta.

Astigarraga: Gaur 19:00etan elkarretaratzea Emakumeon Plazan.

Goizueta: Gaur 18:00etan kalejira eta ondoren txokolte iña.