TOKIKOMek Goienaren ‘Puntua’, Aiaraldea eta Antxeta Irratia saritu ditu

Kronika - Erredakzioa 2025eko azaroaren 22a

Lau sari banatu ditu TOKIKOMek Aretxabaletan egindako sari banaketa ekitaldian. Azal onenarena (‘Puntua’), eduki onenarena (Aiaraldea) eta ikus-entzunezko onenarena (Antxeta Irratia) emateaz gain, aipamen berezia egin diote Goienaren ‘Podcast-gela’ri. Sariak banatuta, adimen artifiziala kazetaritzan eta komunikazioan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute. Bederatzigarrenez banatu dituzte TOKIKOM Sariak. 

TOKIKOM Sariak banatu dituzte gaur, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Campusean. Bertan izan dira TOKIKOM osatzen duten euskarazko toki hedabideetako ordezkariak eta baita erakunde publikoetakoak ere, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Aitor Aldasoro, eta Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundietako, Garbiñe Mendizabal, Nestor Atxikallende eta Joseba K. Perez de Heredia ordezkariak.

TOKIKOM-eko presidente Iban Arantzabalek egin ditu sariketako lehen hitzak. “Sariak banatzearekin batera adimen artifiziala izango dugu berbagai eta erronka handiak ditugu zentzu honetan. Urbano Garcia Alonsori irakurri diot kazetariaren balioa egongo dela, kontrastean eta konfiantza eta sinesgarritasuna ematean. Adimen Artifiziala gure egin behar dugu guk, hori guztia lantzeko”.

Eusko Jaurlaritzako ordezkari Aitor Aldasorok hartu du hitza jarraian eta tokiko hedabideek egiten duten ekarpena nabarmendu du. “Zerk bereizten du tokikoa besteengatik? Euskararen erabilera areagotzeko helburua, tokikoen eskutik askoz errazagoa da. Erreferentzialtasuna irabazten badugu, badugun non begiratu. Badago egitekoa eta gu bidelagun izango gara, baita ere aldundien eskutik dirua jarriz. Tokikomen eskutik bailaraka proiektuak indartzen bide ilusionantea dugu aurretik. Eta sariak badira horren muina eta oinarria”.

Tokikom Sariak 2025: Lau sari

Guztira lau sari banatu dituzte Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan. Azalik onenarena, eduki onenarena eta ikus-entzunezko onenarena. Aurten, epaimahaiaren aipamen berezia ere egon da.

Azalik onena, Puntuarentzat
Azalik onena saria Goienaren Puntua astekariarentzat izan da, Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik. Epaimahaiak Puntua-ren azala saritu du “oso modu bisual eta indartsuan erakusten duelako gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna. Horretarako, normalean euskararentzako aldarrikatzen den ofizialtasuna beste hizkuntza baterako planteatzen digu”. Gaineratu dute ideia eta irudia oso iradokitzaileak direla eta zer pentsatua ematen duela. 

Edukirik onena, Aiaraldearentzat

Edukirik onenaren saria, berriz, Aiaraldearentzat izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren funtsa, eta, epaimahaiaren arabera, “lan mamitsu hori kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreporterismoa lantzeko modu aberasgarria aplikatzeko”. 90eko hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu erreportajeak, “ibilbide interesgarri eta erakargarria osatuz esperientzia pertsonaletik suizidioaren errealitate orokorrera”.

Ikus-entzunezko onena, Antxeta Irratiarentzat

Ikus-entzunezko onenaren saria Antxeta Irratiarentzat izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik. Hala, “jende askorentzat eguneroko arazoa den eta gehienontzat ezustean pasatzen den bazterketa mota bat argitara ateratzeko ahalegina” saritu du epaimahaiak. Nabarmendu du baita ere “elkarrizketatzailearen lan bikaina”, berez oso gordinak diren bizipenak dramatismoan jausi gabe eta patxadaz adierazi dituelako, egoera biolentoak direnak lasaitasun giroan transmitituz, enpatia bilatuz eta gertutasunetik.

Aipamen berezia Goienaren ‘Podcast Gela’-ri

Bestetik, TOKIKOM Sariek aipamen bereziarekin nabarmendu dute Goienaren Podcast gela. Komunitatearen eskura ipini du Goienak gela berria, eta epaimahaiak nabarmendu du “parte hartzea eta herri mailako sareak ehuntzeko ekimena”. Azaldu dute Podcast gelak komunitateari ahotsa eman diola, eta parte hartze zuzena bultzatu duela inguruko erakundeen, elkarteen eta eragileen artean, hedabidera hurbildu eta bertan inplikatu daitezen. “Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audio- eta bideo-podcastak, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politika, mugimendu sozialak, musika, literatura...”.

Urbano Garcia Alonso, adimen artifizialaz eta kazetaritzaz

Sariak banatzearekin batera, adimen artifiziala kazetaritzan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute. Horretarako, gaian aditua den Urbano Garcia Alonsoren hitzaldia entzun dute bertaratuek. Azken urteetan RTVEko alor digitaleko burua izan da Garcia Alonso, eta erredakzioan adimen artifizialeko tresnak txertatzeko arduraduna. 

Adituarendako adimen artifiziala gure bizitzaren eta ondorengoen sistema eragilea izango da, “kopilotua”. “Microsoft argi ibili zen bere adimen artifizialari Copilot izena jartzen. Guk jarraitu behar dugu ontzia gidatzen, giza adimen handitu batera heldu behar dugu. Ni ez nau adimen artifizialaren aurrerakadak kezkatzen, giza adimenaren atzerakadak baizik. Eta ez nau kezkatzen makinek pertsonek bezala pentsatzeak, pertsonek makinek bezala pentsatzeak baizik”, azaldu du. “Aurrerantzean adimen artifiziala erabiltzen jakitea ez da plus bat izango, baldintza bat baizik”, erantsi du

Kazetaritzan eta erredakzioetan izango duen eraginaz aritu denean, Urbano Garcia Alonsok nabarmendu du adimen artifiziala tresna bikaina dela kazetaritzaren lan-kate osorako: bilaketatik eta dokumentaziotik hasi eta edukien sortze eta horien banaketaraino. “Osagarritasuna ematera dator eta ez ezer ordezkatzera. Non egongo den gure balioa? Konfiantzan, egiaztapenean, testuingurua emateko gaitasunean, kontrastatzean, kalitatea ematean”.

Arriskuak ere bai

Adimen Artifizialak arriskuak ere baditu eta “oso handiak”, Garcia Alonsoren hitzetan. “Ni neuk, zenbat eta sakonago sartu AAn, orduan eta serioago hartzen ditut alderdi juridikotik etikora edo moralera doazen arrisku horiek. Baina ezin gara horiek argitzearen zain egon adimen artifiziala ezartzen joateko. Hedabideoi dagokigunez, guztiok ere lasterketaren hasierako puntu berean gaude, baina batzuek adimen artifizialaren botoi gorria sakatuko dute eta beste batzuek ez; sakatzen ez duten horiek atzean geratuko dira”, azaldu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!