Sagardo Azokarekin borobilduko dute aurtengo Sagardo Foruma gaur, Basque Culinary Centerren

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 21a

Hainbat entzule, Jordi Abellaren (Ecomuseu de les Valls d'Aneu) hitzaldian, atzo.

Goizeko 10:00etatik aurrera, bertan izango dira Nazioarteko Sagardo Lehiaketaren sari banaketa, eta 100 sagardo baino gehiagoren dastaketa. Doako autobus zerbitzua izango da Astigarragatik eta Hernanitik, joan-etorrirako.

Bi jardunaldi intentso izan ditu aurtengo Sagardo Forumak, dagoeneko. Erribera kulturgunea izan da nazioarteko sagardogintzaren topalekua, bi egunez; eta Euskal Herriko zein nazioarteko adituak aritu dira dolareez, kultur ondareaz, museoez, sagarrondoen ugalketaz, nekazaritza birsortzaileaz edota sagardoa saltzearen arteaz, besteak beste.

Eta gaurkoan, Sagardo Foruma borobiltzeko, Basque Culinary Centerrera mugituko dute topaketa, Oriamendira. Sagardo Azoka izango da bertan, goizetik iluntzera.

Hasteko, Nazioarteko Sagardo Lehiaketaren sari banaketa egingo dute, 10:00etatik 11:00etara bitartean. Lehiaketako sagardo guztiak dagoeneko dastatu eta ebaluatu zituzten ostegunean, ekitaldi pribatu batean.

Sari banaketaren ondoren, be­rriz, azoka jarriko dute martxan, eta bertaratuek aukera izango dute Euskal Herriko, estatuko zein nazioarteko 100 sagardo baino gehiago dastatzeko.

Goizeko 11:00etatik iluntzeko 20:00etara izango da hori. Gainera, bi dastaketa berezi ere egingo dituzte: eguerdiko 12:00etan, alkoholik gabeko sagardoena; eta arratsaldeko 18:00etan, sagardo bermutena.

 

Doako autobus zerbitzua, Astigarragatik eta Hernanitik

Sagardo Azokara joateko, doako autobus zerbitzua jarriko dute Astigarragatik eta Hernanitik, joan-etorriak egiteko. Astigarragako kasuan, Tranbia ibilbidetik aterako da autobusa, Erribera kulturgunearen aurretik, 10:45etan, 11:45etan, 16:15etan eta 17:15etan. Hernanitik, berriz, ordu laurden beranduago pasako da autobusa, eta Zinkoeneako geltokian hartu ahal izango dute herritarrek, 11:00etan, 12:00etan, 16:30etan eta 17:30etan.

Bueltatzeko, berriz, 13:00etan, 14:00etan, 19:00etan eta 20:00etan abiatuko da autobusa BCCtik, Her­nanira eta Astigarragara.

 

SAGARDO AZOKA

GAUR, 11:00-20:00

Basque Culinary Centerren

POSTUAK:

Zeberio (Euskal Herria)

Egiazki Txopinondo / Baldorba & Sagarraleku (Euskal Herria)

Petritegi (Euskal Herria)

Zapiain (Euskal Herria)

Errebelde (Euskal Herria)

Kuartango (Euskal Herria)

Viuda de Angelón (Euskal Herria)

Valle Ballina (Gaitero) (Esp.)

Domaine Antoine Marois (Fr.)

Seidir Tydecho (Erresuma Batua)

Sobremesa Drinks (Err. Batua)

Weidmann und Groh (Alemania)

Kühbrein (Austria)

Sodo Sidrine (Lituania)

Mr. Plume (Letonia)

Alde Sider (Norvegia)

Anxo (AEB)

Son of Man (AEB)

South Hill Cider (AEB)

Gutshof Kraatz (Alemania)

Apfelweinkontor (Alemania)

Floribunda (Italia)

Tencai (Txile)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!