Aurreneko porrota ahaztu eta berriro gora egitea, biharko erronka

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 21a

Uxue Navarro hernaniarra, Ugaoren kontrako partiduan.

Hernanik Zarautzen bisita jasoko du Euskal Ligan, bihar arratsaldeko 18:00etan hasita, Zubipen. Ohorezko Erregionaleko mutilek haien aurretik jokatuko dute, Beti Gazteren kontra.

 

Bolada onak (txarrak bezalaxe) ez dira betirako izaten, eta Hernanirena joan den astean bukatu zen, emakumezkoen Euskal Ligan: denboraldiko aurreneko porrota jaso zuten berdeek Erandion, Betiko Neskak taldearen kontra. Gauzak horrela, lidertza galdu zuten, eta une honetan laugarren daude, goiko postuetako parekotasun ezin estuago horretan: puntu bakarreko tartean daude aurreneko seiak.

Kontuak kontu, estreinako porrot hori lehenbailehen ahaztu nahi dute hernaniarrek, eta asmo horrekin ariko dira bihar etxean: Zarautzen bisita jasoko dute Zubipen, 18:00etan hasita. Berdeen garaipenak, gainera, aukera emango lieke sailkapenean berriro gora egiteko, edota kontrario zuzenekin tartetxoa lortzeko. Izan ere, asteburu honetan elkarren kontra ariko dira Basauriko Kimuak bigarrena eta Antiguoko hirugarrena, batetik; eta Betiko Neskak bosgarrena eta Derio seigarrena, bestetik.

Nesken aurretik jokatuko du Hernaniko mutilen taldeak ere, bihar bertan, Zubipen. Arratsaldeko 16:00etan hasiko du Ohorezko Erregional Mailako partidua, Beti Gazteren kontra. Beraien kasuan, bolada txarrari bukaera ematea da erron­ka: azkeneko hiru partiduetan bi puntu bakarrik pilatu baitituzte, eta garaipena behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!