Binakako Txapelketak gaur hasiko du bigarren itzulia partidu haundi batekin. Ansa II.a eta Zubiri goizuetarrak, Aldabe eta Azpirozen aurka jokatuko dute. Bi bikoteek partidu bana galdu dute aurreneko itzulian, baina gorriak dira liderrak bederatzi punturekin. Bi partiduak 2-0 irabazi zituzten eta galdu zuten bakarra 2-1eko emaitzarekin amaitu zen. Hain zuzen Aldabe eta Azpiroz izan ziren liderrak garaitu zituzten bakarrak. Orain arte jokatu den partidurik onena izan zen eta gaurkoan ere ikuskizuna emateko prest dira lau erremontistak. Aldabe eta Azpiroz goranzko bidean daude eta sendotasun itzela erakutsi dute. Jaialdiko bigarren partidua izango da.
Jaialdia bigarren mailako txapelketari dagokion partiduarekin hasiko da, 16:30etan, Goikoetxeatarrek, Susperregi-Eskudero bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi bikoteak puntu beharrean aurkitzen dira beraien lehendabiziko partidua galdu eta gero.
Asteburua Palestinaren aldeko jaialdiarekin osatuko da bihar, 17:00etatik aurrera, Galarretan. Aldabe-Aiestaran VI.a, Goikoetxea-Larrañagaren aurka arituko dira elkartasuna adierazteko partiduan.