Nazioarteko sagardogintzaren topaleku izango da Erribera kulturgunea gaurtik

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 19a

Astigarraga Sagardo Forumaren erdigune bihurtuko da gaurtik.

Sagardo Foruma egingo da gaurtik larunbatera Astigarragan eta Donostian, «sagarrari, sagardoari, sagardoaren kulturari, ondareari eta turismoari buruzko nazioarteko ekitaldia». 

 

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, VI. Sagardo Foruma ospatuko da gaurtik larunbatera bitartean. Astigarragako Erribera kulturgunea, eta Basque Culinary Centerrek Oriamendin (Donostia) daukan egoitza, izango du elkargunea nazioarteko topaketak. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, «sagarrari, sagardoari eta sagardoaren kulturari, ondareari eta turismoari buruzko nazioarteko ekitaldia» izango da. 

Topaketaren seigarren edizio honetan, antolatzaileen asmoa izango da mundu osoko sagardoaren adituak nahiz sagardozaleak biltzea, «haien ezagutzak zein esperientziak partekatu eta sagardoaren kultura sustatzeko». 

 

Sagardo Azoka etzi, mundu osoko 23 ekoizlerekin

Gaurkoan, batetik, hainbat herrialdetako sagardoak lehiatuko dira Basque Culinary Centerren izango den Nazioarteko Sagardo Lehiaketan, 15:00etan hasita: Portugal, Norvegia, Herbehereak, Letonia, Frantzia, Polonia, Lituania, Txekiar Errepublika eta Ameriketako Estatu Batuak, besteak beste. Epaimahai berezituak bederatzi kategoriatan sailkatutako sagardoak epaituko ditu, edari tradizional honen bikaintasuna eta aniztasuna nabarmentzen dituen lehiaketa honetan.

Larunbatean banatuko dituzte sariak, Basque Culinary Centerren bertan, 10:00etan hasiko den Nazioarteko Sagardo Azokan. Mundu osoko 23 ekoizleren postuak izango dira bertan (Norvegia, Austria, Lituania, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Letonia, Italia, Txile, Ameriketako Estatu Batuak eta abar), eta gerturatzen diren bisitariek bertako, estatuko zein nazioarteko ehun sagardo inguru dastatzeko aukera izango dute. Bi urtean behingo hitzordu paregabea da zapore nahiz esperientzia berriak bilatzen dituzten sagardozale guztientzat, dastaketa gidatu bereziak ere izango baitira azokan: alkoholik gabeko sagardoena, eta sagardo-bermutena.

 

Jardunaldi teknikoak, Erriberan

Bestetik, gaur eta bihar goizez, jardunaldi teknikoak izango dira Erribera Kulturgunean, eta bertako zein nazioarteko adituek sagarrari, sagardoari eta sagardoaren kulturari, ondareari eta turismoari buruzko ezagutzak partekatuko dituzte. Sagardoaren munduak azken urte hauetan izan duen garapena ezagutaraziko duten hitzaldiei esker, bi jardunaldi hauek edari preziatu honen unibertsoan barneratzeko aukera bikaina izango dira.

Jardunaldietan, besteak beste, nazioarteko aditu hauek parte hartuko dute: Suitzako MoMö Museumeko kudeatzaile eta kuradore Paolo Spagnolok, MoMö Museum - Kontsumitzailearekin konektatzeko eta etorkizuneko oinarriak ezartzeko gakoak hitzaldiarekin; eta Benoît Marinos frantziarrak, Sagardoa saltzearen artea: edalontzitik taulara aurkezpenarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!