Asteburuan bailarako talde nagusiek denetatik izan dute emaitzei dagokionez. Onena Astigarragako Mundarrok lortu du, Allerruren aurka, Lezon 0-2 irabazi ondoren. Bigarren garaipena segidan eskuratu dute moreek eta goiko postuei begira jarri dira, Preferente mailan. Astigartarren golak Julen Godoyk penaltiz 19garren minutuan, eta Unai Seinek 44garren minutuan lortu zituzten. Atsedenaldira 0-2ko emaitzarekin iritsi ziren eta bigarren zatian markagailua ez zen mugitu.
Denboraldiko aurreneko porrota jasan zutenak Hernaniko Euskal Ligako neskak izan ziren. Erandioko Betiko Neskak taldeak 2-1 irabazi zieten hernaniarrei, San Lorenzo zelaian, eta hernaniarren bolada ona moztu zuten. Zortzi partidu izan dira batu dituztenak galdu gabe, baina azkenean iritsi da aurrenekoa.
Partidua parekatua izan zen. Etxekoak aurreratu ziren markagailuan hamaikagarren minutuan, baina Ane Roscok berdintzea lortu zuen 28garrenean. Bigarren zatian, San Lorenzoko zelaian, markagailua ez zen mugitu 76garren minutura arte. Kaluk sartu zuen etxekoen garaipenaren gola. Sei talde puntu bakarrean daude sailkatuak, tartean zuriberdeak: Zumaiako (21 puntu), Basauriko Kimuak (21 puntu), Antiguoko (21 puntu), Hernani (20 puntu), Erandioko Beti Neskak (20 puntu) eta Derio (20 puntu).
Mutilei gutxi iraun zien pozak
Ohorezko Erregional mailako mutilek bina berdindu zuten Mutrikuren aurka San Migelen. Ibai Ezeizak Hernani aurreratu zuen 1-2, 70garren minutuan, penaltiz, baina hurrengo minutuan berdindu zuten partidua etxekoek. Pozak gutxi iraun zien hernaniarrei. Azkenengo 20 minutuetan markagailua ez zen mugitu. Hernani sailkapenaren erdian dago kokatuta, baina azken hiru partiduetan ez du garaipenik lortu.