«Errepertorio klasikoa eta sorkuntza garaikidea» uztartuko dituzte azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean

Libe Murua Masid 2025eko azaroaren 15a

Hernaniko Musika Bandako kideek arkupeetan joko dute.

Hernaniko Musika Bandak kontzertua eskainiko du datorren larunbatean, eguerdiko 12:30etan Hernaniko udaletxeko arkupeetan. Astigarragan, Aiztondo abesbatzak emanaldia egingo du arratsaldeko 19:30etan, Andre Mari elizan.

 

Musikariek kaleak hartuko dituzte azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean. Hernaniko Musika Banda batetik, herriko arkupeetan emango du kontzertua eta Goiz Eguzki abesbatzak kale buelta Kaxkoan barrena. Astigarragan, berriz, Aiztondo abesbatzak emanaldia eskainiko du dantzari eta musikarien laguntzarekin.

Gainera, Mikel Perurena perkusio jotzaileari omenaldia egingo diote Hernaniko musikariek, bandan 25 urte bete dituelako.

 

Errepertorio klasikoa Hernanin

Musikarien eguna ospatzeko, eguerdiko 12:00etan Goiz Eguzki abesbatzako abeslariak kale buelta osatuko dute Kaxkoan barrena, Plaza Berritik hasita. Eta, urtero lez, 12:30etan elkartuko dira Hernaniko Musika Bandako kideak eta herritarrak, udaletxeko arkupeetan. Aurten, «errepertorio klasikoa eta sorkuntza garaikidea» uztartzen dituen programa antolatu dutela azaldu dute.

Kontzertua «originaltasun eta jai-izaera haundiko» lan batekin hasiko da, Jan Van der Roost konpositore belgikarraren 'Arsenal' piezarekin. Jarraian, Anne Perez de Azpeitia Hamiltonen 'Ex corde' obra entzungo da, espresuki herriko Musika Bandarentzako idatzita dagoena. Gero, Joaquin Rodrigoren 'Concierto de Aranjuez' obraren bigarren mugimendua joko du bandak. Era berean, Jhon Williamsen 'For the President's Own' entzungo da, «dinamismo erritmiko haundikoa eta metalen protagonismo nabarmena duena». «Klasikoagoa» da Julio Gomezen 'Suite en La', XX.mende hasierako espainiar sinfonismoaren adibide aipagarria.

Egitaraua musika garaikideari lotutako bi piezarekin osatuko dela aurreratu dute: «'The Clearing' eta 'Quarter Master' obra dantzagarriak, biak Michael Leaguek sinatuak eta Mikel Gabiola Lenizek moldatuak», azaldu du bandak.

 

Musikariak eta dantzariak, Astigarragan

Astigarragan ere ospatuko dute musikarien eguna, abeslariak, dantzariak eta musika jotzaileak elkartuz. Aiztondo abesbatzaren emanaldia izango da, dantzari eta musikarien laguntzarekin batera egingo dena. Emanaldia Andre Mari elizan egingo da, arratsaldeko 19:30etan hasita eta doan izango da kontzertua.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!