Etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan bailarako hiru futbol talde nagusiek. Horrek beti zailtzen du partidua, baina jokalariek puntu sorta ederra jasota itzuli nahi dute etxera.
Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeak Mutrikun jokatuko du. Bihar eguerdian izango da partidua, 12:30etan, San Miguel zelaian. Hernanik 0-0 berdindu zuen Oriokoren kontra, eta erregulartasunaren bila jarraitzen du. Sailkapeneko bederatzigarren postuan dago une honetan; hortaz, biharkoa aukera ona izan daiteke bolada onera itzultzeko, hamaseigarren sailkatua baita Mutriku.
Euskal Ligako neskak, berriz, sasoi ederrean jarraitzen dute. Sailkapeneko liderrak dira, oraindik ez dute porrotik jaso eta Ugaoren aurka 6-0 irabaztetik datoz. Oraingoan Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Talde sendoa da Erandiokoa, baina hernaniarrek erakutsi dute Zubipetik urrun ere oso lehiakorrak direla. Arratsaldeko 15:45etan hasiko da norgehiagoka.
Lezon jokatuko du Mundarrok
Mundarrok ere postu erosoan ekin dio ligari. Azken jardunaldian lortutako garaipenak sailkapeneko zortzigarren postura eraman ditu astigartarrak, eta konfiantzaz gainezka joango dira bihar Lezora. Allerruk ez du emaitza onekin hasi denboraldia, eta sailkapeneko beheko postuetan dago. Mundarrok ere bihar jokatuko du, 15:30etan hasita.