Asteburu honetan jokatuko dute ligaxkako azkeneko jardunaldia, Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketan, B multzoan. Ezer gutxi utzi dute argitzeke, ordea, dagoeneko erabakita baitago ze lau talde ariko diren semifinaletan. Horietako bat da Ur-Mia ereñotzuarra, eta Behar Zana, Ategorrieta eta Txoritegi taldeekin ariko da hurrengo fasean.
Hernaniko Elur Txori, aldiz, aukerarik gabe iritsi da azkeneko jardunaldira. Bosgarren postuan dago, 3 punturekin; eta berdindu lezake Ur-Miarekin eta Txoritegirekin (6 puntu). Baina biekin dauzka galduta elkarren arteko partidak, eta beraz, desenpatea egitean kanpoan geratuko litzateke.
Joan den asteko partidetan geratu zen erabakita hori guztia. Izan ere, Elur Txorik galdu egin zuen Txoritegiren kontra, Seguran, 12,5 eta 3,5 puntuko emaitzarekin. Porrot horrek txapelketatik kanpo utzi zuen talde hernaniarra. Ur-Miak, bere aldetik, 6,5 eta 9,5 galdu zuen Ategorrieta bigarrenaren (9 puntu) kontra, Ereñotzuko bolatokian. Emaitza horiekin, eta Behar Zana liderrak (9 puntu) Belatxingak azkenaren (0 puntu) kontra lortutako garaipenarekin, zehaztuta geratu ziren aurreneko lau postuak, semifinaletarako txartela ematen dutenak.
Gauzak horrela, semifinaletan zein zeinen kontra ariko den erabakitzeko balioko du azkeneko jardunaldiak. Ur-Mia Belatxingaken kontra ariko da Zegaman, eta Elur Txorik Behar Zanaren bisita jasoko du Benta Berriko bolatokian. Txoritegi eta Ategorrieta, berriz, elkarren kontra ariko dira Seguran.
Semifinaletan, A multzoko lau onenekin batera ariko dira B multzokoak, lortutako postuaren arabera. Multzo bateko aurrenekoak, beste multzoko laugarrena izango du kontrario; eta multzo bateko bigarrenak, besteko hirugarrena. Lau kanporaketen irabazleak sailkatuko dira finalera, eta semifinaletako batean enpaterik izango balitz, ez da desenpaterik jokatuko: ligaxkan ondoen sailkatutako taldeak egingo du aurrera.