Urriaren 17an, Giza filmoteka proiektuko bost mikrodokumental ikusteko aukera izan zuten astigartarrek, Ados Teatroaren eskutik. Erribera jendez bete bazen ere, bakardadea zen erdigunean jarri zen gaia, eta proiezkioaren ostean, proiektuko zuzendariak, Jose Antonio Vitoriak, astigartarren aurrean jardun zuen gaia lantzen. Hari horri tiraka, Kronikarekin ere izan du solasaldia Vitoriak bakardadeari buruz, eta agerian utzi du gizartean dagoen arazo larria.
'Giza filmoteka' eraman duzu aurrera. Aukeratu gabeko bakardadea bizi duten pertsonen testigantzak biltzen dituen mikro dokumentala. Zer moduzko harrera izan zuen astigartarren artean?
Astigarragan bost mikrodokumental proiektatu genituen, oso ezberdinak haien artean, bai adinagatik, eta baita bakardade egoera bakoitzarengatik ere. Zenbait errealitate erakutsi genituen proiekziotan. Dokumentalak amaitu ostean, solasaldi bat eskaini nuen, eta herritarrek aipatu zidaten ikusitako kasu askorekin «harrituta» zeudela eta, eskemak guztiz aldatu zitzaizkiela. Uste dut, ikusi eta entzun zituzten testingantzengatik oso hunkituta atera zirela saiotik, eta pozik nago, badelako nire asmoa barrenak mugitzea.
Bakardadea hizpide du dokumental honek. Zer dela eta bururatu zitzaizun honelako proiektu bat egitea, eta bakardadea jartzea erdigunean?
Honelako proiektu bat aurrera eramatearen arrazoi nagusia, aurrean dugun arazoaren tamaina da, izan ere, gizartearen gehiengoak bakardadea ez dauka arazo larritzat, gizartearen ikusmiratik kanpo dago. Baina orain emango dizkizudan datuek arazo hauek agerian jartzen ditu.
Nahi ez den bakardadea, pandemia isil modukoa da, eta Bakardadearen Estatuko Behatokiaren arabera, biztanleriaren %20ri eragiten dio, gutxi gorabehera, eta eragin haundia du osasunean eta bizi-kalitatean.
Horrez gain, beste datu esanguratsu bat da gizarte-isolamenduak %26ra arte handitzen duela heriotza goiztiarra izateko aukera. Hau da, egunean tabako-pakete erdi bat erretzea bezain kaltegarria da.
Era berean, gazteak dira bakardade haundiena aitortzen dutenak (lautik bat), baina adinekoak dira arazoari garrantzi haundiena ematen diotenak.
Lanik ez duten pertsonek, berriz, lana dutenen bakardadearen bikoitza pairatzen dute. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen %50ek bakardadea aitortzen dute, desgaitasunen bat duten pertsonek edota atzerritarrek.
Hain handia da arazoa non zenbait herrialdek, hala nola, Japoniak eta Erresuma Batuak, baduten bakardadearen Ministerio bat. Eta noski, logikoa iruditzen zait, hori askoz herrialde gehiagotara zabaltzea.
Beraz, arazo hau pantailan islatu nahi zenuten.
Bai, gaiaren ikuspegi poliedrikoa eta askotarikoa emateko asmoz sortu da Giza filmoteka. Orain arte hamabost mikrodokumentalek osatzen zuten multzoa eta kopurua handitu egingo da oraindik. Proiektu hau protagonistekin elkarlanean sortzen saiatu gara, eta bertan, nahi ez duten bakardadea pairatzen duten edo sufritu duten pertsonak erretratatzen ditugu, bai landa-inguruneetan, bai hiri-inguruneetan. Pertsona bakoitzak 5 minutu inguruko pieza bat du, bere eguneroko bizitza islatzen duena eta, ondorioz, munduaz duen pertzepzioa ikusarazten dute.
Donostiako Giza Eskubideen Nazioarteko XXII. Zinemaldian aurkeztu zenuten.
Bai, eta ekimen honetan ez ezik, gure konpainiak, Ados Teatroak, urte eta erdi baino gehiago daramazki nahi ez den bakardadearen gaia lantzen, egoera horretan dauden pertsonekin lankidetzan sortutako kultura-sorkuntzaren bidez, eta, horretarako, bitartekotza-kanpainak eta sentsibilizazio-kanpainak egiten ditu herritarrentzat, proiekzioetan, erakusketetan eta antzezpenetan oinarrituta.
Geroz eta indibidualistago den gizarte honetan, uste duzu bakardadea areagotzen ari dela? Zergatik?
Argi dago baietz, gainera gero eta jende gehiagok adierazten du nahi ez duen bakardadea pairatzen duela. Baina ez da erraza zergatia zehatz bat aurkitzea hitz gutxitan, galdera horrek beste galdera asko baititu barruan eta faktore askok dute eragina; hala nola, familia-eredu tradizionalaren krisia eta indibidualismoaren gorakada, bizi-itxaropenaren hazkundea, landa-eremuko despopulazioa, aukera gehiago eskaintzen dituzten baina deserrotzera daramaten hiriguneetako bizimodua, migrazio-mugimenduak edo pertsona askok teknologia digitalekin duten harreman anbibalentea, jendea hurbildu eta aldi berean isolatzen dutenak... Horiek guztiak gure garaiko ezaugarriak dira, eta bost pertsonatik bati eragiten dion pandemia bihurtu da bakardadea (gazteen artean lautik bati eragiten dio gehien).
Eta egoera korapilatzen amaitzeko, bakardadeak osagai subjektibo bat du: bakoitzak sentitzen duena, hain zuzen. Norbait oso bakarrik sentitu daiteke inguruan jendea izanda ere, eta alderantziz.
Eta horregatik guztiagatik, hain zuzen ere, arazo horretara hurbildu nahi izan dugu, errealitate zehatz ugari erakutsiz, arazoaren aniztasun eta tamaina haundia hautemateko.
Proiektua lantzerako garaian, hau da, testigantzak grabatzerako garaian, ezagutzen ez zenituen errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera eman dizu? Zeintzuk?
Bai, izan ere, testigantzak askotarikoak izan dira: gazteak eta adinekoak, herri eta hirietan, hemengoak edo kanpotik etorritakoak... Ez dago bakardade mota bakar bat, asko daude; hala nola, emozionala, soziala edo instituzionala, administrazioaren laguntzarik gabe sentitzen zarenean.
Era berean, bakarrik bizi den adinekoa, gaztea zein zaintzailearen edo tratu txarrak jasan dituenaren bakardadea ere aurkitu dugu testigantzetan. Eta itxuraz gizartean integratuta dauden baina giltzapetuta bizi diren profesionalak ere bai. Depresioa eta osasun mentaleko beste arazo batzuk dituzten pertsonak, migratzaileak, etxerik ez dutenak edo mendekotasunengatiko errehabilitazioan daudenak...
Gainera, bakardadea gai tabua da egungo gizartean, esango genuke ‘ikusezina’ dela eta pertsonei kosta egiten zaie besteen aurrean bakarrik sentitzen direla onartzea. Eta horrek zailago egiten du laguntza eskatzea edo irtenbideak bilatzea.
Bakardadea adin helduko jendearekin lotzeko joera dagoela uste duzu?
Iritzi hori oso zabaldua dago, pertsona horietako asko daudelako. Gehien kaltetutako bigarren adin-taldea da, eta ikusgarritasun handiagoa du. Gazteen bakardadea askoz ezkutuagoa da, nahiz eta estatistikoki gehien kaltetutako adin-taldea izan. Eta, hala ere, oso zaila da gazte batek bere egoera jendaurrean aitortzea.
Gizartean onartuta dagoela esango zenuke? Zergatik?
Ez, guztiz kontrakoa. Ez dago onartuta. Gure gizarteak bakardadea negatibotzat hartzen du, eta bakarrik sentitzen diren pertsonek, nolabaiteko estigma jasan ohi dute, esaterako: gizarte harremanetarako trebetasun gutxi duen pertsona batek, bizitzan huts egin duela dirudi. Baina jakin behar dugu bakardadea ez dela gaixotasun bat, ezta lotsa sentiarazi beharko ligukeen sentimendua ere. Bakardadea ez da pertsona jakin batzuen edo jakin baten arazo esklusibo bat, baizik eta bizitzako etapa desberdinetan edozeini eragin diezaiokeen esperientzia komun bat, maite duen pertsona bat galtzeagatik, depresio batengatik, lan-merkatuan kanpo egoteagatik, harreman bat eteteagatik...
Pixka bat pentsatzen badugu, seguru sentitzen bagara ere, inor ez dago benetan sufritzetik salbu.
Zein izan da proiektu hau egitearen helburua? Zer lortu nahi duzu?
Lehenik eta behin, efektu ahalduntzailea bilatzen dugu erretratatutako pertsonengan. Uste dugu mikropiezetan aktiboki parte hartzeak, kanpotik bere esperientzia propioa ikusten laguntzen duela eta agian gainditzeko urrats txiki bat ematea eragin dezakeela.
Eta gizarteari begira, berriz, erretratu bilduma hau gaiari buruzko sentsibilizazio proiekzioak eta solasaldiak egiteko erabili genuen, Astigarragan izan zen moduan. Azkenean, mikrodokumental honetan agertzen da parte hartzaile bakoitzaren ausardia eta eskuzabaltasun-keinua.
Testigantzei esker, herritarren artean elkarrizketak sortu dira, eta horrek aurrean dugun arazoaz gehiago jabetzeko espazioa ematen digu.
Gainera, mikrodokumental horiek informazio-iturri zuzena eta oinarrizkoa izan dira 52 hertz antzerki-ikuskizunaren gidoia sortzeko, Erribera Kulturgunean sortu eta erakutsi duguna, egoitza sortzaile bat eginez.
Uste duzu bakardade egoeran daudenak jabetzen direla haien egoera errealaz?
Beren egoeraz eta sufrimenduaz oso kontziente dira, nahiz eta askotan ezkutatu egiten duten.
Gaur egun, badago sozializatzeko beharra, eta askotan, kanpokoek esango dutenarengatik harremantzen gara (bakarrik gelditzen banaiz, zer esango dute nitaz!) Baina... modu batera, bakarrik jaio eta bakarrik hiltzen gara. Uste duzu bakarrik egoten ere ikasi beharra dagoela?
Hor norberaren ikaskuntza dago, bakarrik egoten garatzen doana, hain zuzen. Hala ere, guk erdigunean jartzen dugun bakardadea beste mota bateko da: sufrimendua eragiten duen gizarte-isolamendua. Interakzio sozial egokirik ezak, kasu askotan, arazoak eragiten ditu osasun mentalean (depresioa eta antsietatea, autoestimu-arazoak, loak hartzeko zailtasunak), kasu askotan estres-maila haundituz edo beste gaixotasun fisiko eta mental batzuk eraginez, norbere burua abandonatuz eta heriotza-arrisku haundiagoa sortuz.
Zer esango zenioke bakarrik sentitzen denari?
Ez asko, ez baikara ez terapeutak, ez psikologoak, ez arazoa konpondu dezaketen erakundeak. Agian 'ikusten zaitut, ezagutzen zaitut' edo 'hemen nago, zerbait behar baduzu'.