Bihar goizean jokatuko dute Behobia-Donostiaren 60. edizioa, bailarako presentzia nabarmenarekin

Kronika - Erredakzioa 2025eko azaroaren 7a

Bailarako ia 300 korrikalari ibiliko dira bihar Behobia Donostian.

Aurtengo edizioan sekula baino emakumezko gehiagok hartuko dute parte. Dortsalak gaur jaso daitezke Kursaalen, 10:00etatik 20:00etara.

 

Azken asteetan ohi baino korrikalari gehiago ikusi dituzue kalean, ezta? Noski, bihar goizean jokatuko baita Behobia-Donostia lasterketa ezagunaren 60. edizioa! Zapatillak jantzi eta 20 kilometro pasatxo egin beharko dituzte parte hartzaileek, Boulevardeko helmugara iritsi arte. 

27.981 korrikalarik hartuko dute parte lasterketan. Aurtengo datu esanguratsuena emakumezkoen kopurua da, nabarmen egin baitu gora aurreko edizioekin alderatuta: 9474 emakumezko arituko dira korrika, sekula baino gehiago; eta parte hartzaile guztien %33,86 izango dira. 

Bailarako presentzia ere nabarmena izango da aurtengo edizioan. Hernaniko 159 herritar apuntatu dira (47 emakumezko eta 112 gizonezko) eta Astigarragako 131 (31 emakumezko eta 100 gizonezko).

Ibilbidean zehar sortzen den giro bereziagatik da ezaguna Behobia-Donostia lasterketa. 60.000 pertsona elkartu ohi dira bide bazterretan, ingurukoei eta parte hartzaileei babesa adierazteko. Antolakuntzatik garraio publikoa erabiltzeko gomendioa zabaldu dute.

Dortsalak eskuragarri, gaur

Dortsalak Kursaalen jaso behar dituzte korrikalariek. Gaur ia egun osoan zehar izango dute bertatik pasatzeko aukera: 10:00etatik 20:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!