Euskal Ligako lidertzari eutsi dio Hernanik, Añorgan berdindu arren

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 4a

Ane Rosco hernaniarra, Sestao Riverreko jokalari bati ihesi, aurreko partiduan.

Berdeek azkeneko minutuetan eskuratu zuten puntu bat, eta aurreneko postuari eutsi diote horrela.

Gogotik zaildu zitzaion zazpigarren jardunaldiko partidua Hernaniri, Euskal Ligan. Neska berdeak hiru puntuen bila joan ziren Añorgara, bolada onari eta lidertzari eusteko; baina kontrarioen atea zulatu ezinik aritu zen. Hutsean bukatu zen aurreneko zatia, eta atsedenetik bueltan aurrea hartu zuten añorgarrek, 48garren minutuan. 

Hortik aurrera, hernaniarrak behin eta berriro saiatu ziren berdinketaren gola lortzen, baina azkeneko minutuetara arte ez zuen saririk izan: 87an berdindu zuen Sylvia Lasak, puntu bat eskuratu eta lidertzari eusteko. Izan ere, berdinketa lortu zuen Erandioko Betiko Neskak bigarren sailkatuak ere, etxean, Basauriko Kimuak taldearen kontra (1-1). 17na punturekin daude sailkapenean, eta Derio batu zaie buruan, puntu kopuru berarekin.
 

Hernaniko eta Mundarroko mutilek, ezin

Etxetik kanpo aritu ziren Hernaniko eta Mundarroko mutilen talde nagusiak ere, asteburuan. Eta porrota jaso zuten bi taldeek, bereziki gogorra berdeen kasuan, Ohorezko Erregional Mailan. Anaitasuna kontrario zuzenaren zelaian aritu ziren hernaniarrak, larunbatean Azkoitin; eta 6-1 galdu zuten. Partidua hasi eta berehala aurreratu ziren azkoitiarrak, eta atsedenaldirako 3-0ekoa erakusten zuen markagailuak. 68an egin zuen Hernaniren gol bakarra Aitor Amondarainek, 4-1ekoa; baina partidua berdintzeko aukerarik gabe. Sailkapeneko 10garren postura jaitsi da Hernani horrela.

Parekatuagoa izan zen astigartarren partidua Martutenen, Erregional Preferentean. Hutsean berdinduta iritsi ziren Roteta eta Mundarro azkeneko 10 minutuetara, eta orduantxe hartu zuten aurrea donostiarrek. Berdintzeko aukerarik gabe, porrota jaso zuten moreek, eta 11garren postura jaitsi dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!