Hildakoak gogoratzeko bailarako hilerriak lorez apaindu ziren pasa den larunbatean, Santu Guztien Egunean. Eguraldia lagun, jendeak eraman zituen loreei esker koloretsu zeuden kanposantuak. Bi hilerri haundienetan, Hernanin eta Astigarragan, irudi oso ezberdinak ikusi ziren. Astigarragan jende asko biltzen da oraindik ere, eta hori batik bat hamaiketako mezaren ondorioz izaten da. Hernanin, ordea, hilerriak, garai bateko iruditik aldenduta, oso jende gutxi biltzen du egun seinalatu honetan. Garai bateko jendetza aspaldiko kontuak dira. Plazan salmentan dauden loreak saltzen dira, baina gero hilerriko kaleak nahiko hutsik ageri dira. Joaten direnek familia elkartzeko baliatzen dute, eta hildakoak gogoratzeko.
