Santu Guztien eguna ospatuko dute gaur Urumea bailaran; horregatik, asko eta asko izango dira bailarako hilerrietara jo eta hildako senide eta lagunei lore ederrak jarriko dizkietenak. Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun, Goizuetan eta Aranon elizkizunak egingo dituzte gaur, Santu Guztien Eguna erdigunean jarriz. Goiztiarrenak hernaniarrak izango dira; izan ere, gozieko 09:30etan izango da eguneko aurreneko elizkizuna, San Joan Bataiatzailearen parroki elizan; eta Floridako San Jose elizan, berriz, 11:00etan ospatuko dute gaurko eguna. Goizeko 10:00etan hildakoak gogoratuko dituzte ereñotzuarrek, San Antonio parroki elizan. Bihar ere, ordu eta leku berdinetan izango dira mezak, Hernanin eta Ereñotzun. Era berean, Zikuñagako Amako ermita gaur eta bihar zabalik egongo dela jakinarazi dute: «bai kapera eta baita kolunbarioa ere».
Astigarragan, hilerrian bertan oroituko dituzte hildakoak, gaur goizeko 11:00etan; eta bihar, berriz, elizkizuna izango da, Andre Maria Zeruratzea Parroki elizan, goizeko 10:30etan hasita.
Goizuetan eta Aranon bihar izanen dituzte elizkizunak, goizeko 11:00etan Aranon, eta 12:30etan, Goizuetan.
Atzoko iluntasunean, kalabazak piztu zituzten
Atzoko eguna iluna izan zenez, kalabazak piztu zituzten bailarako txoko ezberdinetan, Gau Beltza ospatuz. Ohitura zaharrak berreskuratzeko ekintza mordoa egin zituzten jaiak berrasmatzeko asmoz, Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan. Doberak, aurreko urteetan landatutako haziari jarraipena eman zion arratsaldean, Kalabaza misteriotsuaren bila jolasarekin, eta hilerrira egindako bisitarekin. Portu auzoan ere, Arimen Gaua ospatu zuten, txokolatadarekin, eta beldurrezko ikuskizunarekin. Karabelgo auzotarrak ere ez ziren atzean gelditu, atzo arratsaldean; eta astigartarrek, berriz, urteko gaurik ilunena piztu zuten, kalejirarekin.
Labirintoa gaur, Zikuñagan
Zikuñagako auzotarrek gaur izango dute hitzordu garrantzitsua, gaur murgilduko baitira Zikuñagako labirintoan. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera irekiko dira labirintoko ateak, eta antolatzaileek azaldu dute bertara sartzeko «nahitaezkoa» dela mozorrotuta bertaratzea.
|
SANTU GUZTIEN EGUNA ELIZKIZUNAK GAUR ETA BIHAR - HERNANIN 09:30 San Joan Bataiatzailearen parroki elizan 11:00 Floridako San Jose parrokian 12:00 San Joan Bataiatzailearen parroki elizan GAUR ETA BIHAR - EREÑOTZUN 10:00 San Antonio Parrokian GAUR - ASTIGARRAGAN 11:00 Hilerrian hildakoen aldeko meza BIHAR - ASTIGARRAGAN 10:30 Andre Mari Zeruratzea Parrokia BIHAR - GOIZUETA 12:30 Andra Mari elizan BIHAR - ARANO 11:00 Aranoko San Martin parrokian |