Ezin hobeto ekin zion Aritz Zubiri goizuetarrak, aurreko asteburuan, Binakako Txapelketa nagusiari. Sekulako mailan aritu zen estreinako partiduan, eta garaipena lortu zuen Imanol Ansa urnietarrarekin batera, Aimar Jabaleraren eta Aritz Juanenearen kontra. Horrekin, lehenengo lau puntuak lortu zituzten ligaxkan, eta sailkapeneko buru daude, Josetxo Ezkurrarekin eta Iban Larrañagarekin berdinduta.
Hasiera bikainari, segida eman nahi diote Zubirik eta Ansak, gaurkoan. Binakakoaren bigarren jardunaldia jokatuko dute, arratsaldeko 16:30etan hasita Galarretan, Kemen Aldaberen eta Xabier Azpirozen kontra. Estreinakoa galtzetik datoz haiek.
Txapelketa hasi besterik ez da egin, zortzina partidu jokatuko baitituzte; baina bigarren garaipena lortzeak oso egoera onean utziko lituzke goizuetarra eta urnietarra. Izan ere, ligaxkako lau bikoteetatik hiruk eginen dute aurrera: finalera zuzenean sailkatuko da lehenengoa, eta semifinala jokatuko dute bigarrenak eta hirugarrenak. Gaurkoa irabazteak, puntuak pilatzeko ez ezik, Aldabe eta Azpiroz urruntzeko aukera emanen lieke.
Kontuak kontu, ez daukate partidu erraza, maila haundiko bikotea baita bi lekunberritarrek osatutakoa. Joan den larunbatean bezain sendo eta fin aritu beharko dute Zubirik eta Ansak, ondo hasitako bideari segida emateko.
Aiestaran anaiak, jaialdiko partidu banatan
Asteburu honetan atseden hartuko du bigarren mailako txapelketak, eta ez dute elkarrekin jokatuko Aiestaran anaiek oraingoan. Jaialdiko partidu banatan ariko dira. Paulo Aiestaranek Ibon Goikoetxearekin jokatuko du, Ugaitz Susperregiren eta Aritz Eskuderoren kontra. Eta Aitor Aiestaran Josetxo Ezkurrarekin ariko da, Aimar Jabaleraren eta Iban Larrañagaren aurrean, maila haundiko partiduan.