Atseden hartuko dute saskibaloiko Gipuzkoako lehiaketek, asteburu honetan. Beharbada ez da etena egiteko unerik aproposena, Urumea bailarako talde nagusientzat; bereziki Mundarroko nesken taldearen kasuan. Moreek estreinako garaipena lortu zuten aurreko asteburuan, lehenengo mailako seigarren jardunaldian, Bosteko Irauli 32-56 menderatuta. Nahiko berdinduta iritsi ziren bi taldeak azkeneko laurdenera (32-37), baina hortik aurrera erakustaldia eman zuten astigartarrek, bai erasoan eta bai defentsan.
Horregatik, une txarrean datorkie etena moreei; are gehiago, kontuan hartuta hurrengo astean ere atsedena egokitu zaiela, multzoko talde kopurua bakoitia izanik.
Aldiz, datorren astean bueltatuko dira lehiara Mundarroko eta Hernaniko mutilak. Astigartarrek nagusitasun haundiz menderatu zuten Eibar etxean (71-35), joan den asteburuan; eta sailkapeneko bigarren postura igo dira lehenengo mailan, sei partidutik lau irabazita. Garaipen bat gehiagorekin dago Ordizia.
Hernani, bere aldetik, bigarren mailako lider dela iritsi da atsedenera, aurreko asteburuan oso garaipen garrantzitsua lortuta. Sailkapeneko aurreneko postua zeukan jokoan Saski Axularrekin, eta 64-66 nagusitu zen Donostiako Benta Berrin, oso partidu estuan. Une honetan, talde hernaniarra bakar-bakarrik dago lidertzan, bost garaipen eta porrot bakarra pilatuta.