Garaipen bana gehitu zioten bere palmaresari, aurreko asteburuan, Hodei Lujanbio goizuetarrak eta Ainhoa Arruti Agerre taldeko urnietarrak. Proba berean nagusitu ziren biak, gainera. Antzinen lortu zuten garaipena, Betagarri Traileko 15 kilometroko proban. Gizonezkoetan, 1:11:50 denborarekin nagusitu zen Lujanbio, Aritz Barberia bigarrenarekin ia hiru minutuko tartea lortuta. Emakumezkoetan, berriz, minutu bateko aldearekin nagusitu zen Arruti (1:34:22), Eider Cardeñosaren aurretik.
Antzinen lortutako horrekin, emaitza bikainak pilatzen jarraitzen du goizuetarrak: bezperan bosgarren izan zen Berako Lizuniagako Igoeran, aurreko asteburuan bigarren Orendaingo Eltxo Trailen, eta Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketako sailkapen nagusia irabazi zuen bi aste lehenago.
Lur Ocon laugarren, Markinan
Lur Ocon hernaniarra, bere aldetik, laugarren sailkatu zen larunbatean Markina-Xemeingo Txara Trail lasterketan, 10 kilometroko proban.