Gau Beltzeko ospakizunek hartuko dute bailara osoa, gaur arratsalde-iluntzean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025ko urr. 31a, 00:00

Ondo mozorrotu eta makilatu ondoren, kalejira bereziak egingo dituzte Urumea bailarako herrietan.

Hernaniko hiru auzotan, Astigarragan, Ereñotzun eta Goizuetan antolatu dituzte ekintzak. Denetik izango da, iluntze berezia girotzeko: makilaje tailerrak, jolasak, kalejirak, antzerki eta ikuskizunak, mokaduak...

Oso berezia izango da gaurko arratsalde-iluntzea, Urumea bailara osoan. Gau Beltzeko ospakizunek jantziko dituzte txoko gehienak, eta egitarau oparoa prestatu dute Hernaniko hiru auzotan, Astigarragan, Ereñotzun eta Goizuetan.

Kaxkoan izango dira aurreneko ekintzak Hernanin, Dobera Euskara Elkartearen eskutik. Kalabaza misteriotsuaren bila ariko dira 17:00etatik aurrera, pistaz pista, erdigunean barrena. Ondoren, kalejira herrikoia egingo dute hilerrira, eta antzerki berezia egingo dute bertan.

Portun, berriz, 18:00etan hasiko da ospakizuna, txokolatadarekin; eta beldurrezko ikuskizuna eta tako-talo jatea izango dute ondoren. Eta Karabelen ere 18:00etan ekingo diete jolas misteriotsuei, ibilbide beldurgarriei, mozorro eta kalabaza lehiaketei... Lizeaga auzoan, ordea, ez da Gau Beltzeko ospakizunik izango aurten, ekintzen antolaketarako jende falta baitaukate.

Astigarragan ere, ez du hutsik egingo Gau Beltzeko kalejira bereziak. Ondo prestatzeko, makilaje tailerra izango da aurrena, 18:00etan Foru Plazan; eta Murgia jauregitik abiatuko da kalejira, 19:30etan, danbor-jole, arima eta antortxeroekin.

Lehenxeago jarri dute hitzordua Ereñotzuko frontoian, Ilargi Beltzeko ospakizunekin, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta. Makilaje tailerra eta bizkotxo beldurgarrien erakusketa eta dastaketa izango dira aurrena, jolasak eta sorgin dantza ondoren, eta jan-edana bukaeran.

Eta Goizuetan ere egingo dute kalejira herrian barrena, argiak itzalita, 19:00etatik aurrera. Gaztain jatearekin borobilduko dute festa.

 

Elizkizunak, bailara osoan

Bihar, berriz, lorez jantziko dira bailara osoko hilerriak, Santu Guztien Egunez. Hildakoak gogoratzeko mezak izango dira asteburu osoan, bailarako elizetan.

 

GAU BELTZEKO
OSPAKIZUNAK

GAUR, ostirala

HERNANIN

Kaxkoan, Kalabaza misteriotsuaren bila, 17:00etatik aurrera (euria egingo balu, Atsegindegin). Ondoren, hilerrira kalejira herrikoia, 18:30etan Atsegindegitik eta 19:00etan Plazatik, batukadaren laguntzaz; eta antzerkia hilerrian. Eta azkenik, gaztain jatea Plazan. Dobera Euskara Elkarteak antolatuta.

Portu auzoan, Arimen Gaueko ospakizuna: 18:00etan txokolatada; 19:00etan beldurrezko ikuskizun berezia (10 urtetik gorakoentzat); eta 20:30etan tako-talo jatea. Portuko Auzo Elkarteak antolatuta.

Karabel auzoan, Gau Beltzeko ospakizuna, 18:00etan hasita: ibilbide beldurgarria, jolas misteriotsuak txikientzat, mozorro eta kalabaza lehiaketak (19:00ak arte hartu daiteke parte), antzerkia eta txokolatada. Belkara Auzo Elkarteak antolatuta.

ASTIGARRAGAN

18:00, Makilatzeko tailerra eta photocalla, Foru Plazan

19:30, Kalejira, Murgi jauregitik abiatuta, danbor-jole, antortxero eta arimekin. Bukaeran, 'beldurren erretzea', koplak eta mokadutxoa, Foru Plazan.

EREÑOTZUN

17:30, Ilargi Beltzeko mozorro eta makilaje tailerra, eta bizkotxo beldurgarrien erakusketa eta dastaketa, frontoian.

18:30, Jolas misteriotsua eta sorgin dantza.

Ondoren, Pintxoak eta sagardoa.

GOIZUETAN

18:45, Elkartzeko hitzordua plazan, Guraso Elkarteak deituta.

19:00, Herritik buelta, herriko argiak itzalita.

Ondoren, Plazara itzulera, txalapartarekin girotuta.

Azkenik, Gaztain jatea.

BIHAR, larunbata

HERNANIN

Zikuñaga auzoan, Halloweeneko labirintoa, 18:00etatik aurrera. Sartzeko, ezinbestekoa izango da mozorrotuta joatea.

SANTU GUZTIEN ETA
HILDAKOEN EGUNEKO
ELIZKIZUNAK

HERNANIN

Gaur, 19:00etan San Joan Bataiatzailea parrokian.

Bihar, 09:30etan San Joan Bataiatzailean, 11:00etan San Jose Langilean, eta 12:00etan San Joan Bataiatzailean.

Gaur eta bihar, zabalik egongo da Zikuñagako kapera eta kolunbarioa, goizean.

Etzi, 09:30etan San Joan Bataiatzailean, 11:00etan San Jose Langilean, eta 12:00etan San Joan Bataiatzailean.

EREÑOTZUN

Gaur, 10:00etan San Antonio elizan.

ASTIGARRAGAN

Gaur, hildakoen aldeko meza, 11:00etan hilerrian.

Bihar, 10:30etan Andre Maria parrokian.

GOIZUETAN

Bihar, 12:30etan Andre Maria elizan.

ARANON

Bihar, 11:00etan San Martin elizan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!