Gau Beltza ospatuko dute Hernaniko hainbat txokotan eta Astigarragan

Iñigo Goñi Iradi 2025ko urr. 30a, 00:00

Kalejira Gudarien Plazatik hilerrira egingo dute antortxekin.

Kaxkoan Doberak antolatuko du kalabaza misteriotsuaren bila, hilerrira kalejira, antzerkia eta gaztain jatea. Karabelen eta Portun ospatuko dute

 

Gaurik ilunena ospatuko dute bihar bailarako hainbat txokotan. Dobera Euskara Elkarteak dinamizatuko ditu Kaxkoko ekintzak, Portu eta Karabel auzoetan ere izango dira ekimenak eta Astigarragan ospakizunak emango du zeresana.

Kalabazak hustu, kandelak piztu, iluntasuna bizi! urriaren 31ko Gau Beltza jaia berrasmatu du Doberak. Aurreko urteetan landatutako haziari jarraipena emanez, aurtengoan bi berritasun dituzte.

Kalabaza misteriotsuaren bila berreskuratu dute. Gehienez 10 talde arituko dira jolasean. Hori horrela, jolastu nahi izanez gero, izena eman daiteke gaur arte. Jolasa bihar, 17:00etan hasiko da Atsegindegin. Erdigunean zehar egongo diren pistak jarraituz gero, Hernaniko txoko ezberdinak gehiago ezagutzeaz gain, kalabaza misteriotsua bilatzea izango da jolasaren helburua. Jolasean adin guztietako herritarrek hartu dezakete parte: lagun taldeak, familiak...

Taldeak 4 eta 10 kide bitartekoak izan beharko dira. Eta 12 urtetik beherakoak, gutxienez adin nagusikoa den kide batekin aritu beharko dute uneoro. Guztira, herriko erdigunean zehar kokatuta egongo diren 10 pista jarraitu beharko dira. Kokaleku guztietan Gau Beltzarako mozorrotutako lagun misteriotsu bat egongo da eta parte-hartzaileek hurrengo pista jaso ahal izateko, bertara gerturatu eta esandako froga gainditu beharko dute.

Arratsaldeko 19:00etan Gudarien plazatik hilerrira abiatuko dira denak, eta iritsitakoan antzerki bat ikusiko dute bertan. Bukatzen denean, plazara itzuliko dira berriro, gaztain jatearekin eguna borobiltzera.

 

Portu auzoan eta Karabelen, 18:00etan hasiko dira

Auzoetan ere Hernanin antolatuko dira jarduerak. Karabelen bihar, 18:00etan, hasiko da Gau Beltza. Kalabaza eta mozorro beldurgarrien lehiaketak egingo dituzte. Kalabazak entregatzeko eta mozorro lehiaketan parte hartzeko ordutegia izango da 18:00etatik 18:30etara.

Txikientzako jokuak eta antzerkia egongo dira eta ausartzen direnentzako ibilbide beldurgarria. Bukatzeko, txokolatada izango da.

Portu auzoan Arimen Gaua ospatuko dute, adin guztientzako ekintzekin. Giro berezia sortzen da auzoan.

18:00etan hasiko da txokolatadarekin, familia, haur eta helduak elkartzeko une goxoa izango dena.

Ondoren, 19:00etan, beldurrezko ikuskizun berezia eskainiko da, 10 urtetik gorakoentzat zuzendua, eta emozio eta dibertsio haundiak ekarriko dituena. Gaua borobiltzeko, 20:30etan, tako-talo jatea izango da, auzoko giro atsegin eta alai batean.

 

Makilatzeko tailerra, Photocalla eta kalejira

Astigarragan ere ohitura bihurtu da Gau Beltza ospatzea. 18:00etan jarri dute hitzordua Foru Plazan, makilatzeko tailerrerako eta, aurpegiak ondo margotuta, photocall-ean argazkiak ateratzeko. Ondoren, 19:30etan hasiko da kalejira Murgiatik abiatuta.

Danborrak astinduz, antortxak eskuan dituztela, kalez kale ibiliko dira arima astigartarrak. Bukaeran beldurren erretzea, koplak eta mokadutxoa izango dira Foru Plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!