Semifinaletarako txartela ziurtatzeko aukera dute Ur-Miak eta Elur Txorik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko urriaren 29a

Elur Txoriko eta Ur-Miako bolariak, Benta Berrin jokatu zuten derbian.

Ereñotzuarrek bi garaipen lortu dituzte azkeneko bi asteotan, eta hernaniarrek arnasa hartu dute estreinako puntuak lortuta, Zegaman.

Zati erabakigarrian sartu da Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren ligaxka, bailarako bolarientzat. Azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan, eta semifinaletarako txartela ziurtatu dezakete Ur-Miak eta Elur Txorik.

Ereñotzuarrek daukate ondoen, azkeneko bi jardunaldietan lortu baitute garaipena. Duela bi aste, Elur Txoriren kontrako derbian eskuratu zituzten aurreneko puntuak, Benta Berriko bolatokian 5-11 nagusituta. Eta joan den asteburuan Txoritegi menderatu zuten etxean, Ereñotzuko bolatokian, 11,5 eta 4,5 puntuko banaketarekin. 

Horrela, 6 puntu dauzkate ereñotzuarrek sailkapenean, eta etxean ariko dira berriro asteburu honetan, Ategorrietaren kontra. Garaipena lortuz gero, semifinaletarako txartela lortuko dute; baina galduta ere, litekeena da pasea ziurtatzea.

Elur Txorik, bere aldetik, premiazkoa du asteburu honetan Txoritegiri irabaztea, Seguran, etxekolanak azkenerako utzi nahi ez baditu. Hernaniarrek joan den asteburuan lortu zuten estreinako garaipena, Belatxingak taldeari 5-11 irabazita Zegaman. Oraingoan Txoritegi menderatuz gero, eskura izango dute semifinaletarako txartela haiek ere. Bost talde dira B multzoan, eta lau onenak sailkatuko dira hurrengo fase horretara.

Hurrengo asteburuan, etxean jokatuko du Elur Txorik ligaxkako azkena, Benta Berriko bolatokian, Behar Zanaren kontra. Ur-Mia Zegaman ariko da, Belatxingak taldearen bolatokian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!