Ezin borobilagoa izan zen aurreko asteburua, bailarako futbol talde nagusientzat. Hernanik beste sei azukre koxkor gehitu zizkion denboraldi hasiera gozoari, emakumezkoen Euskal Ligan: 6-0 nagusitu zen Sestao Riverren kontra (hiru gol sartu zituen Cesia Sotok, eta bana Garazi Lizarragak, Xanet Etxarrik eta Uxue Navarrok); eta lidertzari eutsi dio, Erandioko Betiko Neskakekin berdinduta, baina gol-diferentzian aldea haundituta.
Hernaniko mutilek ere nagusitasunez irabazi zuten, Zubipen: 3-0 menderatu zuten Amaikak Bat, Xemark Matosen, Jon Juarezen eta Ibai Ezeizaren golekin. Horri esker, Ohorezko Erregional Mailako seigarren postura igo dira berdeak, 11 punturekin.
Eta garaipen ederra bezain garrantzitsua lortu zuten Mundarroko mutilek ere, Erregional Preferentean. Gol festa izan zen Zarkumendegin: 5-2 nagusitu ziren moreak, Mariñoren kontra. Hiru gol lortu zituen Iñigo Mendiburuk, eta bana Manex Goikoetxeak eta Xabier Zubiarrainek. 10garren postuan dago Mundarro, 9 punturekin.
Añorgan, Azkoitin eta Martutenen, hitzorduak
Etxetik kanpo ariko dira hiru taldeak, asteburu honetan. Hernaniko neskek Añorgan jokatuko dute larunbatean, 15:30etan Rezolan, Añorgaren kontra. Sailkapeneko beheko postuetan daude donostiarrak, eta seigarren garaipenaren bila joango dira berdeak.
Hernaniko mutilek ere larunbatean jokatuko dute, baina bidaia luzeagoa daukate: Azkoitiko Txerloian ariko dira, 11:30etan hasita, Anaitasunaren kontra. Pare-parean daude bi taldeak sailkapenean, 11na punturekin.
Mundarrok igande iluntzean jokatuko du, 19:45etan Martutenen, Rotetaren kontra. Ligako bosgarrena da talde donostiarra, baina astigartarrek baino puntu bat gehiago dauka soilik.