Joan den larunbatean hasi zen Binakako Txapelketa, lehenengo mailan zein bigarrenean; eta emaitza ezin hobeak lortu zituzten Urumea bailarako erremontistek. Txapelketa nagusian, garaipen ederra lortu zuen Aritz Zubiri goizuetarrak, Imanol Ansa urnietarrarekin batera: 8-15 eta 13-15 menderatu zituzten Aimar Jabalera eta Aritz Juanenea. Maila bikainean aritu zen Zubiri: akats bakarra egin zuen partidu osoan, eta 10 tanto lortu. Horietako batzuk, gainera, momentu erabakigarrian. Izan ere, aurreneko jokoa erosotasunez irabazi ondoren, bigarrenean hobeto aritu ziren kontrarioak, eta 10-9 hartu zieten aurrea. Baina orduan, goizuetarrak egin zituen urdinen azkeneko bost tantoak: lau sakez, eta bestea bi pareta eder batekin.
Horrela, sailkapeneko buru jarri dira Zubiri eta Ansa, Josetxo Ezkurrarekin eta Iban Larrañagarekin batera. Doneztebarrak eta azkoitiarrak ere 2-0 menderatu zituzten Kemen Aldabe eta Xabier Azpiroz (15-12 eta 15-7).
Aiestaran anaiek bikain hasi dute txapelketa
Beste horrenbeste egin zuten Paulo eta Aitor Aiestaran anaiek, bigarren mailako txapelketan. Hernaniarrak bikain moldatu ziren elkarrekin, eta bi jokotan nagusitu ziren Ander Goikoetxearen eta Joseba Goikoetxearen kontra (15-10 eta 15-13). Aitorrek ederki kubritu zuen kantxa, eta nagusi izan zen atzeko koadroetan. Partidu polita eskaini zuten lau erremontistek, eta jokaldi ederrek erabaki zuten akats gutxiko partidua.