Jose Manuel Otxotorena atezaina hil da Valentzian

Iñigo Goñi Iradi 2025eko urriaren 28a

Jose Manuel eta bere ama Epelen, 2010ean Mundiala irabazi eta gero.

Epelen jaio zen 1961eko urtarrilaren 16an eta Real Madrid, Valencia, Tenerife, Racing, Logroñes eta Espainiako selekzioan aritu zen ibilbide oparoa osatuz.

 

Jose Manuel Otxotorena, Epeleko atezain ereñotzuarra hil da, 64 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Valencia klubak jakinarazi zuen albistea X sare sozialaren bidez. Bertako atezainen entrenatzailea zen gaur egun Otxotorena, eta urte asko zeramatzan klubean lanean.

1970eko hamarkadan Hernanin sortutako Elizatxo futbol taldean hasi zen jokatzen, oraindik umea zela. Jubenil mailan iritsi CD Hernanira, eta 1979an Real Madrilera egin zuen salto. Arakis­tainek Atsegindegiko Torneoan ikusi omen zuen. Begirale asko egoten zen.

1984an igo zen lehenengo taldera eta bertan irabazi zituen hiru Liga eta bi UEFAko Kopa.

1988an Valenciak fitxatu zuen, eta bertan lortu zuen bere ibilbideko kirol mailarik altuena; 1989an Zamora trofeoa lortu zuen, besteak beste. Azpitxapeldun izan zen Valenciarekin 1990ean eta horrek balio izan zion Italiako Munduko Koparako hautatua izatea, Andoni Zubizarreta eta Juan Carlos Ablanedorekin batera. Espainiako selekzioarekin ere debutatu zuen, nahiz eta Munduko Kopan ez zuen jokatzerik izan.

 

Jokalari izatetik, atezainen entrenatzaile entzutetsu izatera

Ibilbide oparoa osatu zuen elitean. Valenciatik Tenerifera egin zuen salto eta bertan Lehenengo mailan aritu zen, baita Racing taldean ere. Kirolari profesional urteak Logroñes-en amaitu zituen.

Jokalari modura erretiroa hartu eta segituan hasi zen entrenatzaile lanetan. Valencian hasi eta bukatu zuen entrenatzaile ibilbidea, baina tartean Liverpooleko eta Espainiako selekzioko atezainen prestatzailea ere izan zen. Espainiarekin Munduko txapeldun eta Europako txapeldun izan zen.

Erreferente izan da entrenatzaile askorentzat eta berarekin entrenatzen zuten atezainak ezin hobeto prestatuak omen zeuden. 60 atezainetik gora entrenatu ditu. Valentzian bizi zen eta kirol ibilbideari aitortza eginez, Hernani Saria jaso zuen 2019an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!