Larunbatean jokatu zen Arano- Goizuetako Cross Country proba, eta bertan, protagonista izan ziren Astigarragako eta Hernaniko motorzaleak ere. Bereziki, 'trofeo' izeneko kategorian; Nafarroako Cross Country Txapelketan parte hartzen ari ez direnen kategorian, alegia. Izan ere, bailarako hiru lagunek osatu zuten kategoria horretako podiuma: Eneko Indo astigartarra izan zen onena, Emaitz Artola hernaniarra bigarren, eta Jose Luis Alkorta astigartarra hirugarren.
Txapelketatik kanpo aritu arren, gainerako partehartzaileekin batera osatu zuten proba, eta postu ederrak lortu zituzten hiruek. Indo seigarren izan zen sailkapen nagusian, Artola 11garren, eta Alkorta 14garren. Hiruek osatu zituzten sei itzuli, Xabier Gallardon irabazleak baino bat gutxiago.
Oihan Indo txapeldun, 18 urtez azpikoetan
Beste astigartar bat ere igo zen podiumera, Goizuetako eskolan: Oihan Indo izan zen onena 18 urtez azpikoen kategorian, 125 zentimetro kubikoko motorrarekin. Sei itzuli osatu zituen berak ere, eta 21garren izan zen sailkapen nagusian.