Eguraldia lagun, giro ederra izan zen Goizueta-Aranoko Cross Countryan

Andoni Rekondo Izagirre 2025ko urr. 27a, 00:00

Ia ehun motorzale aritu ziren helduen proban. Xabier Gallardon izan zen onena.

 

Larunbat eguerdian mendiko motorren burrunba entzun zitekeen Aranotik eta Goizuetatik. Ehun motorzale inguru elkartu ziren bertan, Arano-Goizueta Cross Country lasterketan parte hartzeko.

Goizeko 11:00etan hasi zen haurren mailako lasterketa, 8 parte hartzailerekin. Aitor Rivas izan zen ordubeteko proban itzuli gehien osatu zituena (9 itzuli), baina estua izan zen podiumeko lehia. Aiur Makazaga zen bailarako parte hartzaile bakarra, eta 8 urteko goizuetarra laugarren postuan sailkatu zen, itzuli bakarreko atzerapenarekin. Mailakako sailkapenari dagokionez, lehenengo postua eskuratu zuen Aiurrek 65 c.c. kategorian.

Eguraldiak lasterketa errespetatu zuen

Eguraldia zen antolatzaileen beldurrik haundiena, eta helduen irteera ordubete aurreratu zuten. 96 motorzalek hartu zuten parte, eta Xabier Gallardon izan zen onena (7 itzuli, 2 ordu eta 14 minutuan).

Jon Makazaga goizuetarra 22. postuan helmugaratu zen urteko bere lehenengo lasterketan, 6 itzuli osatuta.

Erlazionatuak

Arano-Goizuetako Cross Country-a

Andoni Rekondo Izagirre urr 25 Arano   Goizueta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!