Laugarrenez jokatuko da gaur Arano-Goizuetako Cross Country moto lasterketa, bi herrien arteko mendi inguruetan. Goizeko 11:00etan hasiko da haurren proba, Aranoko San Roke ermitatik gertu, Orauneko lepoan. Helduena arratsaldez izanen da, 15:00etatik 17:00etara bitarte: Altzanburutik abiatuko dira, eta haurren toki berean izanen dute helmugako kontrola.
Haurrak ordubetez ariko dira ibilbide laburrari bueltaka, zeinek itzuli gehiago egingo. «8-9 minutuko bueltak izanen dira, eta zortzi edo bederatzi itzuli osatuko dituzte lehenengoek», azaldu du Jon Makazagak, probaren sortzaile eta arduradun nagusiak. Helduek, berriz, bi orduko proba daukate aurretik, eta ibilbide luzeagoa, Altzanburu, Añone, Oraune, Suro eta Uzteroko kaxkoan barrena. 20 minutu inguruan osatuko dute buelta bakoitza azkarrenek, sei-zazpi buelta denera.
Eta erlojuaren atzera-kontua zerora gerturatzean, indarrak eta denbora ondo neurtu behar... «Atzera-kontua bukatzen denean, hasita daukazun buelta bukatu beharra daukazu, bestela lasterketatik kanpo geratzen zara. Gainera, denbora muga bat dago buelta hori bukatzeko. Hortaz, nekeagatik beste buelta bat eman nahi ez dutenek, egiten dutena da erlojua zerora iritsi arte itxaron, eta orduan zeharkatu helmugako marra», kontatu du Makazagak: «Gertatu daitekeena da bitarte horretan beste bat iristea atzetik, hark beste buelta bat osatzea, eta zuri aurrea hartzea».
«Aiur semea eta biok gara bertako partehartzaile bakarrak»
Partehartze polita espero dute gaurko proban, euri iragarpenak zapuzten ez badu behintzat: «Helduen proban 80 inguru ziren ateratzekoak, baina eguraldi txarra emana dago, eta horrek atzera botatzen ditu asko. Jendeari ez zaio gustatzen horrelako baldintzetan aritzea. Hemengo terrenoa nahiko exigentea da, eta euriarekin are gehiago zailtzen da», azaldu du Makazagak. Dena den, argitu du euri asko egitekotan prest daukatela «alternatiba bat, zatirik txarrenak kenduta». Kontuak kontu, eguraldia oztopo ez izatea espero du, ikusleak ere mendira arrimatu daitezen, lasterketaz gozatzera.
Partehartzaileen artean hutsik eginen ez duena, Jon Makazaga bera izanen da, bi urte aldrebes xamar daramazkien arren: «Joan den urtean ongi hasi nuen denboraldia, eta sailkapeneko buru nindoan modalitate honetan. Baina apirilean ebakuntza egin zidaten besoan, aspalditik pendiente neukana, eta ezin izan nuen gehiago lehiatu. Aurten, berriz, belauna hautsi nuen otsailean, eta duela hilabete arte ez naiz berriro hasi. Apenas ibilita nago, baina sekulako pena ematen zidan etxeko proba ez egiteak, eta aterako naiz azkenean. Urteko aurrenekoa izanen dut».
Haurren proban ere izanen du etxekorik: Aiur semeak hartuko du parte. «Gustura dabil, gehiegi beharbada... Besterik ez dauka buruan! Baina zer esango dut ba, nik daukat erru guztia eta!», aitortu du Jonek. «Astean bitan ateratzen gara elkarrekin entrenatzera, eta ederki gabiltza saltsa horretan». Haiek dira inguruko bakarrak modalitate honetan, eta haurren artean gazteena izanen da Aiur bera, 8 urterekin. Denera 12-15 partehartzaile inguru izanen dira gaurko proban, 8 eta 15 urte bitartekoak: «Haur gutxiago dabiltza aurten».
Lan haundia, proba aurrera ateratzeko
2022an jarri zuen martxan Makazagak, ia «kapritxoz», aspalditik buruan bueltaka zerabilkien hori: egin zitekeela moto lasterketa bat mendi inguru hauetan, bazegoela nahiko terreno horretarako. Nafarroako Motoziklismo Federazioari asmoa aurkeztu, haien oniritzia jaso, eta bertako basozainarekin elkartu zen, ibilbidea nondik nora litzatekeen azaldu eta Ingurumen Sailaren baimena bideratzeko, «ez baita erraza izaten, bereziki proba berria denean». Baina konforme agertu zen basozaina: «Are gehiago, esan zidan nahiago zuela lasterketa egitea, horren aitzakian desbroze pila bat egin eta kortafuegosak sortuko genituelako mendian, eta mesedegarri izanen zelako».
Horrek, noski, sekulako lana zeukan atzetik: «Sekulako sasi pila zegoen, eta astakeria da zenbateko eskulana behar den horrelako zerbait egiteko. Koadrilatxo bat elkartu ginen, hasi ginen kortafuegosak egiten, eta horrelaxe aritu gara urtez urte. Aurten ia bakarrik aritu naiz garbiketa lanetan, eta esan dut aurrera begira ezin duela horrela izan; baina dagoeneko osatu dugu taldetxo bat datorren urterako».
Probaren egunean bertan ere, jende asko mobilizatu behar da, «baina horretarako ez da arazorik izaten, sekulako laguntza izaten dugu. Hemengo gazteak etortzen dira, txaleko horia jantzi eta puntu ezberdinetara joateko. Eta herriko suhiltzaile boluntarioak eta anbulantzia ere mobilizatzen dira».
Giro polita goizetik gauera, Aranon eta Goizuetan
Moto lasterketak saltsa ederra jartzen du Aranon eta Goizuetan. Makazagak berak nabarmendu du «oso giro polita» izan dela aurreko hiru edizioetan, eta «gero eta jende gehiago» gerturatzen dela kanpotik ere.
Pizten den giro horrek eta eguna luzatzeko gogoak eragin dute, gainera, aurtengoan lasterketaren eguna aldatzea: «Igandez egiten genuen proba, baina herriko gazteek nahiago zuten larunbata, probaren ondoren afaldu eta parranda egiteko. Beraz, aldaketa egin dugu aurten, eta Goizuetako tabernak betetzen hasita daude afaritarako. Gazte denak kontentu, gero parranda eginen dutelako! Eta guk ere aprobetxatuko dugu. Basurde jatea antolatu dugu Umore Ona elkartean, nahi dutenentzako. Koadrilatxo bat elkartu da basurdea prestatzeko, eta 50-60 lagun elkartuko gara», azaldu du Makazagak.
Giro alaiean agurtuko dute, beraz, goizean goiz hasitako eguna. 09:30etatik 10:00etara bitartean eginen dituzte haurren motoen berifikazioak Oraunen bertan, eta helduenak 11:00etatik 13:00etara errebisatuko dituzte, Goizuetako eskolan. Hortaz, moto guztiak bertan ikusteko aukera izanen dute herritarrek ere. 10:15etan eginen dute ibilbidea ezagutzeko buelta gaztetxoek, eta 13:30etan helduek, lehiari ekin aurretik. Horrek balioko die, besteak beste, zirkuituko zenbait tramotan zein bide hartu erabakitzeko: «Puntu batzuetan bi trazada izaten dira, bata gorria eta bestea urdina. Gorria zailagoa da teknikoki, baina motzagoa. Ondo osatuz gero, abantaila lortu dezakezu; baina erori edo trabatzen bazara, postu asko galdu ditzakezu. Bide urdina luzeagoa da, baina errazagoa. Norberak aukeratu behar du zein bide hartu, gaitasun teknikoaren eta nekearen arabera».
Bi probetako abilenei eta azkarrenei, kategoriaz kategoria, arratsaldeko 18:00etan banatuko dizkiete sariak, Goizuetako frontoian. Eta hortik aurrera, festa giroa izanen da protagonista herrian.