Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentak % 4,8 egin du gora, Eustaten arabera

Olatz Egaña Otegi 2025ko urr. 25a, 00:00

Errentak %4,8 egin du gora, EAEn.

Eustatek elkarbanatutako datuek diote, EAEko biztanleek 26.271 euroko batez besteko errenta pertsonala lortu dutela: «hau da, aurreko urtekoa bainoa %4,8 gehiago».

Pasa den astelehenean argitaratu zituen Eustatek pertsonen eta familien errentaren estatistikak, bere atari ofizialean (eustat.eus). Datu horien arabera, EAEn bizi diren 18 urte edo gehiagoko biztanleek «2023garren urtean, 26.271 euroko batez besteko errenta pertsonala lortu dute. Hau da, aurreko urtekoa baino %4,8 haundiagoa izan da kopurua, 1.210 euro gehiago lortuz, hain zuzen.

Errenta pertsonalik handiena Gipuzkoakoa dela ere ziurtatu du Eustatek, 27.545 euro: «haren atzetik Bizkaikoa, 25.867 eurorekin eta Arabakoa 24.921 eurorekin. 2022. urtearekin alderatuta, Bizkaian batez besteko errenta pertsonalak izan duen igoera (% 5,7) Araban eta Gipuzkoan izan duena baino haundiagoa izan da (% 5,3koa eta % 3,4koa, hurrenez hurren). Eta hiriburuen kasuan, berriz, Eustatek aztertu du lurraldeko arteko aldea «areagotu» egin dela: «Donostian bizi diren pertsonen batez besteko errenta, hau da, 31.126 euro, EAEko batez bestekoa baino 4.855 euro haundiagoa da». Bilboren eta Gasteizen kasuan, berriz, EAEko batez bestekotik hurbilago daude.

Adinaren eta sexuaren arabera, errenta

Eustaten arabera, sexuari dagokionez, batez besteko errenta pertsonala desberdina da adinaren eta baita generoaren arabera. Adinari dagokionez, «errenta haundiagoa da adinean gora egin ahala, 50-54 urtekoen taldera iritsi arte». Eustatek generoari ere erreparatu dio, eta jasotako datuen arabera ikusgarria da gizonen eta emakumeen errentaren banaketan zer nolako aldeak agertzen diren: «EAEko gizonek 31.641 euroko batez besteko errenta lortu dute, eta emakumeek, berriz, 21.322 eurokoa batez beste». Hau da, gizonen errenta pertsonala 10.319 euro handiagoa izan da. Alderik handiena 75-79 urtekoen adin-tartean erregistratu du Eustatek: «Kasu horretan, gizonen batez besteko errenta emakumeena baino 16.853 euro handiagoa izan da. Alde hori 2023an aurreko urtean baino 837 euro handiagoa da adin-tarte horretan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!