Mundarroko esku pelotariek igoera jokoan, eta Hernanikoek salbazioa

Andoni Rekondo Izagirre 2025ko urr. 25a, 00:00

Eñaut Lizeaga astigartarra.

Datorren urtean Ohorezko Mailan aritzea daukate jokoan biek, Gipuzkoako Binakakoan.

 

Oso zita garrantzitsuak dauzkate Astigarragako eta Hernaniko esku pelotariek, asteburu honetan, Gipuzkoako Binakako Txapelketan. Bien kasuan, jokoan daukate datorren urtean nagusien Ohorezko Mailan aritzeko txartela, baina bide ezberdinetatik: igoera fasera sailkatzekotan dira astigartarrak, eta aldiz, jaitsiera saihesteko kanporaketa daukate hernaniarrek.

Horrela, Eñaut Lizeagak eta Oier Gurutzealdek gaur jokatuko dute, goizeko 11:30etan Txomiñenen, lehenengo mailako ligaxkaren azkeneko partidua. Multzoko bigarren daude une honetan, eta Zazpi Itturri hirugarrenaren kontra jokatuko dute. Semifinaletarako txartela daukate jokoan. Horietan, finalera sailkatzen diren bi taldeek lortuko dute igoera, Ohorezko Mailara.

Hernanik, berriz, bere multzoko azkeneko postuan bukatu du Ohorezko Mailako ligaxka, eta jaitsiera saihesteko faseari ekingo dio gaur. Xabier Apaolazak eta Iñigo Erlek Lazkaon jokatuko dute joaneko partidua, 12:00etan, Lapkeren kontra.

Bueltakoa datorren asteburu­­an izango dute Hernanin, eta aurrera eginez gero, bigarren kanporaketa bat gainditu be­har­ko dute mailari eusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!