Gaur arratsaldeko jaialdian hasiko da Binakako Erremonte Txapelketaren 55. edizioa

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko urriaren 24a

Lehenengo eta bigarren mailako erremontariak, Oronan egindako aurkezpenean.

Lau bikote arituko dira Maila Nagusiko txapelketan, eta ez dago faborito argirik. Finala urtarrilaren 3an izango da.

 

Buruz Buruko Txapelketatik errekuperatzeko aste batzuk izan dituzte erremontariek, eta gaur arratsaldean ekingo diote Binakako Txapelketari. 55. edizioa izango da aurtengoa, eta lau bikote arituko dira nor baino nor Maila Nagusian.

Hasiera batean, ez dago faborito argirik. Iazko txapelketarekin alderatuta, Urrizak eta Barrenetxeak ez dute parte hartuko, eta Ezkurra II-Azpiroz iazko txapeldunek ez dute elkarrekin jokatuko.

Arratsaldeko 16:30etan hasiko da gaurko jaialdia, eta bederatzi jardunalditan jokatuko dute lehenengo fasea. Hasieran bikote guztiek elkarren kontra jokatu beharko dute bi itzulitara. Gaurko lehenengo partidua Jabalera-Juanenea eta Ansa II-Zubiri bikoteen artekoa izango da, eta ondoren Ezkurra II-Larrañaga eta Aldabe-Azpiroz bikoteek jokatuko dute. 

Partidu guztiak 15 tantuko 2 setetara jokatuko dituzte, eta, beharrezkoa den kasuetan, 8 tantura jokatuko dute desenpatea. Puntuaketa sistema azken boladan bezalakoa izango da: partidua 2-0 irabazten duen bikoteak 4 puntu lortuko ditu, 2-1 irabazten duenak 3 puntu, 1-2 galtzen duenak puntu 1, 0-2 galtzen duenak 0 puntu eta 15 tanto baino gutxiago egiten dituen bikoteak -1 puntu.

Ligaxka amaitzen denean lehenengo postuan dagoen bikoteak zuzenean lortuko du finalerako txartela, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdiko partidua jokatu beharko dute abenduaren 27an. Irabazten duena pasako da urtarrilaren 3ko final haundira.

Bigarren Mailako Txapelketak ere egutegi bera izango du aurtengoan. Gaur jokatuko dute lehenengo partidua: Goikoetxea V-Goikoetxea VII/Aiestaran VI-Aiestaran VI.

 

Bonoak salgai, deskontu haundiarekin

Dagoeneko salgai daude Binakako Txapelketako partiduetara joateko bono berriak. Horiek erosten dituzten erremontezaleek %40-ko deskontua izango dute. Informazio guztia eskuragarri dago www.oriamendi.eus webgunean.

 

BINAKAKO TXAPELKETETAKO BIKOTEAK

 

MAILA NAGUSIKO BIKOTEAK

Imanol ANSA II
Aritz
ZUBIRI

Josetxo EZKURRA II
Iban
LARRAÑAGA

Beñat SEGUROLA
Aritz
JUANENEA

Kemen ALDABE
Xabier
AZPIROZ

 

2. MAILAKO BIKOTEAK

Julen DESKARGA
Ibai
MARTIRENA

Paulo AIESTARAN VII
Aitor
AIESTARAN VI

Urtzi GURRUTXAGA
Aritz
ESKUDERO

Ander GOIKOETXEA V
Joseba
GOIKOETXEA VI

 

Barrenetxearen baja, Aiestaran anaien bikotea eta Deskargaren debuta

 
Endika Barrenetxearen aitatasun baja dela eta, Zubiri izango da Maila Nagusian arituko den bailarako erremontari bakarra. Bigarren mailan hiru hernaniarrek jokatuko dute.

 

Urumea bailarako ordezkaritza ohi baino txikiagoa izango da aurtengo Binakako Erremonte Txapelketetan. Maila nagusian hutsune haundi xamar bat sumatu daiteke, Endika Barrenetxea hernaniarrak ez baitu parte hartuko. Atzelaria aitatasun bajagatik geratu da txapelketatik kanpo.

Hortaz, Aritz Zubiri goizuetarra izango da ordezkari bakarra lehenengo mailan. Imanol Ansa izango da Zubiriren aurrelaria, eta urnietarraren maila ezagututa, ez dira erremontezaleen kinieletatik oso aparte ibiliko. Gaur ekingo diote txapelketari.

 

Aiestaran anaien batera jokatuko dute binakakoa

Paulo eta Aitor Aiestaran anaiek ezin hobeto ezagutzen dute euren aurtengo bikotea, elkarrekin jokatuko baitute binakakoa. Aurretik lehiatu izan dute batera, Berria Txapelketan adibidez, eta orduko hartan finalerdien atarian geratu ziren. Orain, esperientzia gehixeagorekin, koska bat igotzea izango dute helburu. Bigarren mailako txapelketan arituko dira aiestarantarrak, eta gaur hasiko dute ibilbidea Goikoetxea V-Goikoetxea VI bikote gogorraren kontra.

 

Erremontari berria du Hernanik: Julen Deskarga

Binakako Erremonte Txapelketak berritasun pozgarria dakar berekin. Julen Deskarga Murugarren hernaniarrak debuta egingo du bigarren mailan, Ibai Martirenarekin bikotea osatuta. 2005ean jaiotako aurrelaria CD Hernaniko pelotaria izan da orain arte, eta azaroaren 7ko jaialdian egingo du debuta modalitate berrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!