Hirugarren garaipena lortu nahi du Mundarrok Hondarribiaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 18a, 00:00

Bi garaipen kateatu ondoren, konfiantzaz gainezka daude astigartarrak.

Gaur arratsaldean Ondartzan arituko dira astigartarrak. Hernaniko taldeek bihar jokatuko dute. 

 

Hondarribiaren zelaian jokatuko du gaur arratsaldean Mundarroko lehenengo taldeak. Astigartarrek bi garaipen lortu dituzte azken bi partiduetan, eta konfiantza hori baliatuta, bolada onari jarraipena emateko gogoz daude. 

Sailkapenaren erdialdean dago Mundarro. Lehenengo bi jardunaldietan kosta egin zitzaion martxa hartzea, baina bi garaipen kateatuta erakutsi du edonoren aurka lehiatzeko prest dagoela. 

Hondarribiak ere emaitza onak lortu ditu liga hasieran. Oraingoz ez du partidurik galdu, eta sailkapeneko hirugarren postuan dago. Hala ere, etxean jokatutako bi partiduak berdindu ditu. 

Partidua arratsaldeko 15:30etan hasiko da, Ondartzako zelaian. 

Hernaniko taldeek bihar  arratsaldean dute hitzordua

Sailkapeneko ohorezko postuetan jarraitu nahi du Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak, eta horretarako irabazten jarraitu behar du. Bigarren sailkatua da une honetan, eta hamargarren doan Lakua taldearen kontra jokatuko du bihar. 

Momentuz garaipenak lortzeko erraztasuna erakusten ari da taldea. Nagusitasunez irabazi ditu orain artekoak, eta bolada horri eutsi nahi dio. Lakuak, berriz, azken jardunaldian lortu zuen denboraldiko lehenengo garaipena. 16:00etan hasiko da norgehiagoka. 

Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeak Irungo Gal zelaian jokatuko du, 17:30etan hasita, Real Unionen kontra. Oraingoz erregulartasunaren bila jarraitzen du Hernanik, eta azken jardunaldiko porrotaren ahozapore txarra lehenbailehen kendu nahi du. Biharko aurkaria, ordea, ez da aurkaririk errazena hori lotzeko; sailkapeneko liderrak baitira irundarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!