Udarako etenaldiaren ondoren, bueltan dira bola txapelketa ofizialak, eta joan den asteburuan ekin zioten Gipuzkoako Taldekako Txapelketari. Kontuak ez dira ondo hasi Urumea bailarako taldeentzat, ordea: porrota jaso zuten Hernaniko Elur Txorik eta Ereñotzuko Ur-Miak, estreinako jardunaldian.
Oso tiraldi estuan galdu zuten ereñotzuarrek, Behar Zanaren kontra, Villabonan. Are gehiago, denera brila gehiago bota zituzten Ur-Miako bolariek (542), villabonarrek baino (537). Baina bolarien arteko banakako 16 partidek esleitzen dituzte puntuak, eta tarte txikienarekin nagusitu zen Behar Zana: 8,5 puntu villabonarrek, eta 7,5 ereñotzuarrek. Iñaki Miner, Aner Miner, Ibon Miner eta Mikel Arroio izan ziren Ur-Miaren ordezkariak.
Elur Txorik, berriz, alde haundiagoarekin galdu zuen Ategorrietaren kontra, Hernanin. 294 brila bota eta 12,5 puntu pilatu zituzten donostiarrek, garaipena eskuratzeko. 194 brilarekin geratu ziren hernaniarrak, eta 3,5 puntu lortu zituzten. Fermin Zuloaga, Fernando Gallego, Rosa Santos eta Patxi Loreak aritu ziren tiraldian.
Ur-Mia eta Elur Txori aurrez aurre, datorren asteburuan
Gauzak horrela, punturik gabe ekin diote Ur-Miak eta Elur Txorik, sailkapenean. Aurten aldatu egin dute txapelketaren formatua, eta Gipuzkoako talde guztiak zozketa bidez banatu dituzte bi multzotan. B multzoan daude Urumeako bi taldeak, beste lau talderekin. Horien artean, Behar Zanak eta Ategorrietak bezala, hiru puntu dauzka Segurako Txoritegik ere; eta punturik gabe dago Zegamako Belatxingak, segurarren kontra galdu ondoren.
Bost tiraldi jokatuko ditu talde bakoitzak, eta multzoko lau talde onenak sailkatuko dira semifinaletara. Datorren asteburuan, elkarren kontra ariko dira bailarako bi taldeak. Hernanin jokatuko dute Elur Txorik eta Ur-Miak, aurreneko puntuen bila.
A multzotik sailkatuko dira beste lau talde, baina multzo horretan zazpi talde dira: Gabiri A, Gabiri B, Ibarra-Belauntza, Legazpiko Danontzako, Lasarteko Ostadar eta Zeraingo Liztormendi. Eta emakumezkoek soilik osatutako taldeen multzo bat ere badago, beste lau talderekin: Gabiri, Zarauzko Zelai-Ondo, Donostiako Ategorrieta eta Zeraingo Liztormendi. Horietan ez dago Urumea bailarako bolaririk.