Gaur, sindikatuek egindako No al negocio del genocidio. Langileok Palestinarekin deialdiarekin bat egingo dute bailarako langile gehienek. Hezkuntzan, administrazioan, enpresetan, zerbitzuetan... hiru edo lau orduko geldialdiak egingo dituzte langileek, baita Dobera-Kronikako langileok ere. Honela, Kronikako bulegoa itxita egongo 11:00etatik 14:00etara.
Hernaniko, Astigarragako, Goizuetako. Ereñotzuko eta Aranoko udaletako langileek geldialdia egingo dutenez, udal zerbitzuak itxita izango dira 11:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara. Garbitaniako langileek ere deialdiarekin bat egitea erabaki dute, eta lanuzte deialdiaren orduetan ez dute bilketarik egingo: 03:00-06:00/11:00-14:00. Herri guztietan kontzentrazio zaratatsuak egingo dituzte, arratsaldeko 19:30etan.
Mobilizazioak Hego Euskal herriko hiriburuetan
Duela aste batzuk gaurko lanuzte orokorrerako deialdia egin zuten LAB, CCOO. UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek Araban, Bizkaian, Gipuzkoa eta Nafarroan. Hiriburuetan 12:30etan izango dira manifestazioak, eta Donostiakoa Bulebarretik aterako da.
ELAk lau orduko lanuzte orokorra deitu du txandaren arabera (lanaldi osoa hezkuntzaren eta mendeko sektoreen kasuan). Mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Lanuzte hauek CIG (Galiza) eta Intesindical (Katalunia) sindikatuekin batera deitu ditu ELAk. 11:30etan elkarretaratzeak egingo dira hiriburuetan; Donostian Eusko Jaurlaritzaren Andia kaleko egoitza aurrean eta Iruñan PSNen egoitzaren aurrean Sarasate Pasealekuan.
Sindikatuek gobernuei eta enpresei eskatuko diete Israelgo estatu genozidarekin harremanak eteteko. Helburua da langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriari. Baita, Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.