Festak kateatzen jarraitzen dute Galarretan. Kronikaren aldeko jaialdia izan zen aurreko astean, eta Gross Erremonte Jaialdia ospatuko dute gaur arratsaldean. Oriamendik Gross Garagardotegiarekin elkarlanean antolatutako festa da, eta askotariko jarduerak izango dira frontoiaren inguruan.
Jaialdiaren muina, dena den, erremontea izango da. Txapelketa azkar bat jokatuko dute momentuko erremontari onentsuenen artean. Lau bikote arituko dira elkarren aurka: Jabalera eta Barrenetxea IV, Goikoetxea V eta Larrañaga, Aldabe eta Juanenea eta Ezkurra II eta Azpiroz. Finalerdiak eta finala besterik ez ditu izango txapelketak; partiduak 10 tantuko bi setetara jokatuko dituzte, eta, beharko balitz, 5 tantuko hirugarrena jokatuko lukete.
Jaialdiaren aurkezpenean Aritz Juanenea Buruz Buruko txapeldun haundiak hartu zuen hitza: «Txapelketa express hau une ezinhobean dator, udako Buruz Burukoaren ondoren, eta bikoteen txapelketaren atarian. Pelotariontzat momentu fisiko eta tekniko bikaina da, eta maila oso altuko norgehiagokak espero ditut».
Garagardoa, festaren bigarren ardatza
Eskaintza berezia izango da gaurkoan Galarretako barran. Gross garagardotegiko produktuak dastatuko dituzte bertan, eta hori nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: «Arratsaldeko jaialdia erremontetik harago doa; kultur, gastronomia eta musika festa bat izango da». Grosseko garagardoaz gain, Baga Bigako, Metako eta Pagoako produktuak ere salduko dituzte.
Partiduak jokoan dauden bitartean «zozketak eta sorpresak» izango direla iragarri dute, eta erremontea amaitzen denean hasiko da festa haundia. Food truck bat jarriko dute afaldordurako, eta 21:00etatik 00:00etara DJ saioak izango dira, baita «sorpresa ikusgarri bat» ere.
Sarrerak salgai, webgunean eta Galarretan
Jaialdira joateko sarrerak www.oriamendi.eus webgunean eskuragarri daude jada, baina arratsaldean Galarretako leihatilan ere erosteko aukera izango da, 22,5 euroan.