Mutil taldeek garaipena, eta neskek ezin irabazi

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 9a, 00:00

Mundarroko mutilek, Lehenengo mailan, 53-48 irabazi zuten galdu gabe zegoen Ordiziaren aurka.

 

Bi garaipen eta porrot bat izan zituzten, pasa den asteburuan, bailarako saskibaloia talde nagusiek. Honela, garaipen aipagarriena Mundarroko mutilek eskuratu zuten lehenengo mailan. Ordiziaren aurka 53-48 irabazi zuten, ordura arte partidu guztiak irabazi zituen talde goierritarraren kontra. Mundarro sailkapeneko bigarren postura igo da sailkapenean, bi partidu irabazita eta bat galduta, eta Aloña Mendi bakarrik du aurretik hiru garaipenekin.

Oraindik irabaztea zer den ezagutzen ez dutenak Mundarroko neskak dira, Lehenengo mailan. Hirugarren jardunaldian 54-44 galdu zuten Arrasaten Kruce Ointxeren kontra. Ongi ari dira lehiatzen, baina ezin izan dute oraingoz partidurik irabazi. Hala ere lanean berdin jarraitzen badute laister lortuko dituzte garaipenaren bi puntuak.

 

Hernanik berriz ere erraz 

Abiada bizian dabilena Hernani da Bigarren mailan. Hirugarren partidua jarraian irabaztea lortu zuen abantaila haundiarekin. Errobide Irun taldea 46-81 menderatu zuen, 35 puntuko alde argiarekin. Liderrak dira eta oraingoz beste maila batean daudela erakutsi dute. Asteburu honetan Zast-en aurka jokatuko dute kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!