Izeta sagardotegi aiarrak irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen XXIV. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa. Urumea bailarako sagardotegiek ere lortu dituzte sariak, eta gertu izan dute txapela. Horrela, bigarren saria eskuratu du Astigarragako Zapiain sagardotegiak, eta hirugarrena Altzueta hernaniarrak.
Saritutako sagardo guztiek zigilu bat eraman ahal izango dute botiletan, datorren urte osoan, urrearen eta zilarraren sailkapena erakusteko.
Hogeita laugarren edizio honetan, 'Ipuskoa' hitza lehen aldiz agertzen den dokumentu idatziaren milagarren urteurrenean, Albaola Itsas Etxera lekualdatu zuten sari banaketa, astelehenean; eta Aldundiak ekitaldia aprobetxatu nahi izan zuen Xabier Agote Albaolako zuzendariari omenaldia egiteko, «gure lurraren historiari eta kulturari egindako ekarpenagatik».
Itxasburuk sagardo berritzaileari saria, 'Batekoa' sagardoagatik
Sagardo apardun onena eta sagardo berritzaileena ere saritu zituzten, eta Hernaniko Itxasburuk lortu du horietako bat: sagardo berritzaileena izendatu dute Batekoa sagardoa, Moko barietatearekin egindakoa. Sagardo apardun onenaren saria Aburuza sagardotegiak jaso zuen.