Goxali aisialdi guneak ireki ditu ateak dagoeneko

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 8a, 00:00

Haur txikienek inauguratu dute eta gaztetxo haundienek etzi izanen dute lehenengo eguna. Izena ematea ezinbestekoa da aurten.

Goxali Goizuetako aisialdi guneak astelehenean ireki zituen ateak berriro, txikienekin eskutik; eta etzikoa izanen dute estreinako eguna haundienek. Familien txokoa, aldiz, hilabeteko azkeneko ostegunetan mantenduko dute. Aurten, izena ematea ezinbestekoa izanen da Goxalik eskaintzen dituen zerbitzuak erabili ahal izateko.

Goizuetako eta Aranoko haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi gunea da Goxali. «Jolaserako, harremanak eraikitzeko eta irakurketa eta eskolako lanak sustatzeko espazioa» eskaintzen du. «Aisialdi aberasgarria, elkarrekintza eta garatze prozesua» bultzatzen duen esparrua da.

Aisialdi gunearen helburua da Goizuetako eta Aranoko 3 eta 14 urte arteko haur eta gaztetxoen sozializazio eta aisialdi osasungarria sustatzea: haurren autonomia, kritikotasuna, sormena, ardura eta integrazioa. 

Doako zerbitzua da, baina aurten derrigorrezkoa izanen da izena ematea. Begiraleek gutxieneko informazio bat behar dute, harremanetan jartzeko aukera izan dezaten, haurren arduradunak nork diren jakiteko eta haurrak kontutan hartu beharreko egoeraren bat baldin badu, aldez aurretik jakin dezaten. Izenematea bete ez duenak ezin izanen du Goxalira joan.  

Ludoteka eta familien txokoa

Astearteetan izanen da zerbitzua Haur Hezkuntzakoentzat, 16:30etatik 17:30etara; eta baita Lehen Hezkuntzako 1, 2, 3 eta 4. mailetakoentzat ere, 17:30etatik 18:30etara. Ostiraletan, berriz, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailetakoentzat eta DBHko 1 eta 2. mailetakoentzat emanen dute zerbitzua, 16:00etatik 17:00etara.

Hilabeteko azkeneko ostegunean izanen da Familien txokoa, 17:00etatik 18:00etara. Zehazki, honako egunetan: urriak 30, azaroak 27, abenduak 18, urtarrilak 29, otsailak 26, martxoak 26, apirilak 30 eta maiatzak 28.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!