Mundarrok lortu ditu lehendabiziko hiru puntuak

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 6a, 12:37

Usurbilen irabazi zuten astigartarrek (0-1), mutilen Erregional Preferentean. Hernaniko talde nagusi guztiek berdindu egin zuten.

 

Asteburuan ez zuten porrotik jasan bailarako talde nagusiek. Aipagarriena Mundarroren denboraldiko lehenengo garaipena izan zen, mutilen Erregional Preferentean. Hirugarren jardunaldian lortu dituzte astigartarrek denboraldiko lehenengo hiru puntuak. Usurbilen aurka estreinatu zuten puntuen kontua moreek, igande eguerdian, Haranen (0-1). Partidua hasi eta berehala, bederatzigarren minutuan, Iñigo Mendiburu defentsa astigartarrak sartu zuen kanpokoen gola. Markagailua ez zen gehiago mugitu, eta aurreneko hiru puntu baliogarriekin bueltatu ziren astigartarrak etxera. Horri esker, hamabigarren postura igo dira, azken postuetatik ihesi.

Bestetik, nesken Euskal Ligan, Hernanik bina berdindu zu­en Barakaldon, Pauldarrak taldearen aurka. Konpromiso zaila zuten aurretik, eta partiduaren nondik norakoek maldan gora jarri zuten norgehiagoka hernaniarrentzat, 49garren minutuan etxekoek 2-0ekoa igo baitzuten markagailura. Hala ere, Hernanik ez zuen etsi, eta 79garren minutuan desabantaila murriztu zuen Elene Lujanbiok. 90 minutuak betetzeko bi minuturen faltan iritsi zen berdinketaren gola. Aulkitik zelaira irten zen Garazi Lizarragak egin zuen Hernaniren bigarren gola, eta puntu bat berreskuratu zuen taldeak. Berdinketari esker, hernaniarrek zazpi puntu dauzkate hiru partidutan, eta laugarren daude sailkapenean, bigarrenarekin berdinduta.

Ohorezko Erregionaleko mutilek ere, berdinketa

Mutilen Ohorezko Erregionalean, azkenik, Hernanik hiruna berdindu zuen Andoainen, Euskaldunaren kontra. Hernaniarrek zapore gazi-gozoarekin amaitu zuten: 83garren minutuan andoiandarrak ziren aurretik (2-1) eta Hernanik buelta eman zion markagailuari, Iker Barriolak eta Ibai Zubeldiak 84 eta 88garren minutuetan eginiko golei esker; baina luzapenean hirunakoa lortu zuen Euskaldunak, 94an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!