Baratze bat egiten ikasteko zortzi urrats

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 4a, 00:00

Azelga.

Baratze bat egiten ikasteko jarraibideak landu ditu Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak www.bizibaratzea.eus webgunean. Zortzi urratsetan osatu du baratzeari ekiteko gida laburra, zenbait trikimailu eta aholkuri jarraiki.  

Iritsi da udazkena gure egutegietara, basoetara eta kale bazterretara. Eta noski, baita inguruko baratzetara ere. 

Urtaro bakoitzean baratzeak behar duen uzta zein den argitzeaz gain, Bizi Baratzeak baratzen inguruko jakintza elkarbanatzeko lanean dihardu, aholkuak, bitxikeriak, irudiak, hitz teknikoak eta informazio aberasgarri ugari zabaltzen ditu astero. Bizibaratzea.eus webgunean aurkitu daiteke informazio guztia, baita hilero osatzen duten buletinean ere. 

Urriko kalitatezko uzta izaten dira, besteak beste, kuia, apioa, azalorea, azenarioa, brokolia, leka, meloia, piperra, porrua edota errukula. Baina, gomendioei so egin aurretik, baratze bat nola egiten den ikastea komeni da.  

Baratze bat egiteko jarraibideak

Jakoba Errekondok zortzi urratsetan bildu ditu baratze bat egiteko lanak.

Lehena, baratzearen kokalekua aukeratzea da. Kokalekua aukeratzeko Errekondok eguzki orduei, bertara iristeko erraztasunari edota inguruan izan daitezkeen arazoei erreparatzea aholkatzen du. «Toki bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta horiei begiratu beharko diegu. Ez daude berdinak diren bi lur-sail». Landareek oinarrizko hiru gauza behar dituztela nabarmentzen du: lurra, ura eta eguzkia. 

Behin tokia aukeratuta, baratzearen itxura aukeratu behar da. Lur sailaz gain, eremu gehiago behar baitira, hala nola, haztitegia, tresneriaren txokoa, luartokia edo konposgunea, berotegia edo elkar-gunea.

Landuko den lurra zein izango den aukeratuta, lurra eratzea izango da hurrengo pausua. Lurra oso txarra ez bada, bertan dagoena baliatzea gomendatzen du adituak; eta txarra bada, kanpotik ekartzea. «Onena omen da buztina, mala edo mausarra eta hondarra edukitzea, 1-2-2 proportzioan» azaltzen du; buztintsuegia ito egiten dela, eta hondar gehiegi duena lehorra izango dela.

Lurra ereiten hasteko lanabesak lortzea da hurrengo pausua. Gakoa bada tresna «gutxi eta egokiak» bilatzea, tresna egokiek lana «errazagoa eta seguruagoa» egingo dute. Errekondok oinarrizko tresna zerrenda hau proposatzen du: aitzurra, aitzur txikia, lurreko eskuarea, pala eta eskuzko tresneria (landagailua, guraizeak...). Bestelako materiala ere beharko da: hesolak, makilak, sokak, ureztailua, espraia, ontziak...

Hazi eta landare egokiak aukeratu eta landatzea da bosgarren pausua. «Hazitegia baratzean bertan egin daiteke, edo beste nonbait; babesa eta giro gozoa izango dituen toki batean. Ikasgela barruan egin daiteke hazitegia, leihoaren aldamenean, baina, landareak argiaren bila luzatzen hasten direnean, kanpora atera beharko da». Hazia baratzean bertan erein daiteke, «landare batzuk hala sortzen dira»: baba, ilarra, artoa, babarruna, leka, perrexila, ziazerba edota azenarioa. Landaretxoak erosiz gero, «komeni da ahalik eta hurbileko mintegi batean sortuak izatea; adibidez, herriko azokan. Honela, bertako baldintzetara egokitutako landareak izango dira». 

Landatu nahi dena aukeratzeko, urtaro bakoitzak bere uzta duela diote adituek. «Bakoitzak bere oinarriak, lagunak eta arerioak dituzte» eta hauei erreparatzea ere garrantzitsua da.

Uzta aukeratuta eta landatuta, lurra zaintzea da hurrengo pausua. Bilketa egin aurretik, uzta zaintzeak baditu bere lanak, eta «baratze bakoitza unibertso bat denez, desberdina da lanen plangintza». Lurra irauli, landaketa, ureztaketa, jorraketa, lurreztaketa, edota azpiak egitea dira uzta zaintzearen zenbait urrats. 

Azkenik, landutakoaz gozatzea tokatzen da, baina errekondok dioen moduan: «Baratzeak, lagunak bezala, denbora behar du. Ez asko, baina bai etengabe. Hutsegiteetatik ikasiz, eskarmentuz jantzi ahala, baratzea aberastu egingo da».

Pausu guztiak sakonean eta informazio zehatzagoarekin ikus­teko aukera dago Bizi Bara­tze­aren webgunean. Bertan etengabe eguneratzen ditu Jakoba Errekondok baratzeen kontuak eta komeriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!