Hirugarren garaipenaren bila hernaniarrak bihar, Barakaldora

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 4a, 00:00

Hernaniren eta Pauldarraken arteko partiduko irudia, aurreko denboraldian.

Pauldarraken zelaian jokatuko dute Euskal Ligan, 17:30etan. Etxetik kanpo ariko dira Hernaniko eta Mundarroko mutilen talde nagusiak ere.

 
 

Bizkaia aldera egingo du Hernanik asteburu honetan, nesken Euskal Ligako partidua jokatzeko. Berdeek Barakaldoko Serralta zelaian jokatuko dute bihar, arratsaldeko 17:30etan, Pauldarrak taldearen kontra.

Bikain hasi dute denboraldia hernaniarrak, aurreneko bi partiduak irabazita. Sailkapenaren koxka gorenean kokatu dira, Erandioko Betiko Neskakekin batera; eta hirugarren garaipenaren bila egingo dute biharko bidaia. Ez da konpromiso erraza izango, ordea, sasoiko ekin baitio talde bizkaitarrak ere, partidu bat irabazi eta bestea berdinduta.

Etxetik kanpo jokatuko dute Hernaniko eta Mundarroko mutilen talde nagusiek ere, baina ez etxetik urruti. Hernaniarrek Andoainen jokatuko dute Ohorezko Erregional Mailakoa, gaur 12:00etan Ubitarten, Euskaldunaren kontra. Euskal Ligako neskek bezalaxe, primeran hasi dute denboraldia, eta bigarren postuan daude sailkapenean, bi partidu irabazi eta bat berdinduta.

Oso bestelakoa izan da liga hasiera Mundarrorentzat, Erregional Preferentean. Urnietaren eta Touringen kontra galdu ondoren, estreinako garaipena lortu nahi dute moreek. Usurbilen daukate hitzordua bihar, eguerdiko 12:00etan Haranen. Aurreneko bi partiduak berdindu egin ditu Usurbilek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!