Martxan da Lau t'erdiko Txapelketa, eta hiru ordezkarirekin ekin dio Urumea bailarak, promozio mailakoan. Ekain Lizeaga astigartarrak atzo gauean zeukan final zortzirenetako kanporaketa, Ander Murua arrasatearraren kontra, Zallan. Final laurdenetako ligaxkara pasea zeukaten jokoan, eta halaxe izango du Hodei Exposito astigartarrak ere, gaurkoan.
Unai Amiano debutariaren kontra jokatuko du Expositok, arratsaldeko 17:30etan hasiko den jaialdian, Sorian. Irundarrak duela bi aste jokatu zuen bere estreinako partidua profesionaletan, baina kontrario arriskutsua izango da astigartarrarentzat.
Aurrera eginez gero, ligaxkako B multzoan ariko da Exposito, eta horretan zain daude Julen Egiguren azpeitiarra eta Beñat Senar ataundarra.
A multzokoen artean ageri da Iker Salaberria goizuetarra. 2022ko txapeldunak Asier Agirreren kontra jokatuko du txapelketako estreinako partidua, urriaren 10ean Atarrabian. Multzo horretan ariko da Ekain Lizeaga ere, atzokoan garaipena lortu bazuen. Hiruna partidu jokatuko ditu esku pelotari bakoitzak ligaxkan, eta multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira semifinaletara.