Abian da aurtengo Arnasetik bideo-sormen lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 2a, 00:00

Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideo-sormen lehiaketa antolatu du aurten ere, euskeraren arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskeraren arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Iaz 260 lan jaso zituen lehiaketak, eta 4.200 bozkatik gora publikoaren sariak. 
Lehiaketan, euskeraren arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte, banaka edo taldeka. Haien egitekoa euskerari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.
 
Hiru gai nagusi
Aurreko urteetan bezala, aurten ere hiru kategoriatan banatzen da, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka zehatz bati erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. Kategoria bakoitzak 500 euroko bonua jasoko du.
LH 5. eta 6. mailako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte.
DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean bizitzeko casting batera aurkeztuko dira, eta ia dena euskeraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte.
Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute beraien herria utzi behar izanez gero zeren falta sumatuko luketeen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!